Zirkunstantziak | Prozesatuak izan ziren oñatiarren artean, emakume bakarra Edurne Galarza Zulueta izan zen, Galarza sendagilearen alaba, hain zuzen ere. Murgian (Araba) aritzen zen maistra lanetan eta Sotomayorko Dukearen (Martinez de Irujo) atxiloketaren eragile izatea leportatu zioten. Era berean, Sociedad de Emakumes delakoaren kide izatea egotzi zioten. Eusko Alderdi Jeltzaleari lotutako entitatea zen eta Pospolinak izenekoen irakaslea zen. Isunaz gain, bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, San Jose eskolan bete beharrekoa. Lana eta soldata kendu zizkioten bi urtez. Mugakide ziren euskal probintzietatik haragoko derrigorrezko lekualdaketa, hutsik zeuden lanpostuak bost urtez ez betetzeko debekua eta irakaskuntza erakundetan zuzendaritza karguetan aritzeko gaitasungabetzea ere ezarri zioten. 1936ko irailaren 30ean kargugabetu zuten, eta, 1940ko apirilaren 8an hasi zen, ostera, maistra lanetan, Segoviako Fuente el Olmo de Fuendidueña herriko eskolan. |