Albisteak
"Gernikako seme-alabak", Euskal Memoriaren lehen lana
2010-11-29
Babesleen etxeetara bidean da jada Euskal Memoriaren lehen lana, azken 50 urteetako errepresioaren ondorioen inoizko bilduma osatuena jasotzen duen “Gernikako seme-alabak”. Donostian aurkeztu du liburua Joxean Agirre idazle eta koordinatzaileak, Graxi Etxebehererekin batera.
Euskal Memoriaren babesle, fundatzaile eta bestelako eragileek parte hartu dute aurkezpenean, non Fermin Balentzia kantari eta Euskal Memoriako kideak musikaz jantzi duen geure iragana berreskuratzeko lanaren garrantzia.
Aurkezpenean “Gernikako seme-alabak” lanean jasotakoaren garrantzia azpimarratu du Joxean Agirrek. 1960-2010 artean estatuen errepresioak eragindako ondorioak jasotzen ditu lanak, bere testuinguruan kokatuta. Testigantzak, herriz herriko gertakariak, irudiak... topa daitezke 1.000tik gora orritan, eta jaso diren datu guztien bilduma osagarri doan CDan. Lan honen zioa, Euskal Herriak egia eskuratzea, “Gernikako sua benetan itzal dadin”.
Eta, hain zuzen ere, hau guztia eskualdez eskualde osaturiko lan bolondresaren ondorioz soilik posible izan delako, lana amaitzeke, osatzeke, dagoela gogorarazi du liburuaren idazleak. Euskal Memoriak tokian toki jaso dituen datu, izen, leku, data, irudi, agiri... guztiak jaso dira argitalpen honetan, baina gehiago izan badira, eta guztien artean osatzen joan beharreko lana izango da hori. Liburua, zentzu horretan, amaiera baino, hasiera baita. Eta webgune hau ere horretarako lanabes izatea espero dugu.
474 hildako
Memoriaren berreraikuntza lana era herrikoian egitea garrantzitsua da, horrek egin baitu posible errepresioak azken 50 urteetan eragindako hildakoen izen-abizenak ilunpetik ateratzea. Estatuen bortxakeriak eragindakoa esparruz esparru xehatzen da liburuan, eta hildakoen gaiak atal berezitua eskatzen duen bezala, gerra zikina, infiltrazioa, tortura, desagertuak, errefuxiatuak, errepresio ekonomikoa, euskal ikurrek kontrako erasoak, salbuespen egoera, espetxeak, ilegalizazioa eta abar bereziki jorratzen dira. Baita hamarkadaotan eskualdez eskualde gertaturikoen laburpen osatu eta dokumentatuak ere.
@ (2010-2024) Euskal Memoria Fundazioa. Ama Kandida Etorbidea 21, Denak Poligonoa 200-201. 20140 - ANDOAIN
Tel. 688 693 778 E-mail:info@euskalmemoria.eus