Argitalpenak

2022-11-15

Horma, mural bihurtuta, jada ez da objektu bizigabea, inboluntarioa, haren gerizpean gertatzen zenaren arrazoirik eta errurik gabea. Irudi eta koloreen bidez eraldatu eta gertakarien kronikalari edo aldarrikari bihurtu da, historian protagonismoa hartuz. Gure kasuan, Euskal Herriko historia garaikidearena. Eta zehazkiago, jasandako zapalkuntza eta errepresioaren aurrean herriak agertutako erresistentzia eta borrokatik eratorritako gertakariena. Muralaren filosofiak paretak anonimoak eta mutuak izateari utzi eta asalduraren eta askatasun oihuen subjektu bilakatzea lortu du.

Jarraitu irakurtzen

2023-12-13

Liburu honekin ixten da Euskal Memoria Fundazioak euskal preso politikoei buruz hasitako trilogia. 2019an, Karlos Trenorren liburuan, 1979tik 2011ra bitarteko etapari heldu genion. Hurrengo urtean argitaratu genuen “Askatasun Haizea”, 9.000 preso politiko baino gehiagoren fitxekin. Oraingo honetan, 1958tik, ETAren sorreratik, 1978ra, Espainiako Konstituzioa onartu zen urtera, arteko garaia aztertu dugu.

Jarraitu irakurtzen

2017-12-20

2017ko Euskal Memoria Fundazioaren lan monografikoa Gogoan hartzeko izenak argazki-liburua da. Euskal Herriko gatazka armatu eta politikoan isilarazitako biktimei buruzko lan indartsu eta sentikorra da. Euskal Herriko gatazkari buruz hainbat liburu idatzi dira eta hitzaren ikuspegia izan da beti nagusia. Kasu honetan ideia oso desberdina da. Lehenengoz, egilea ez da idazlea, argazkilaria baizik. Hortik aurrera gauza guztiak aldatzen dira eta irudia bihurtzen da nagusi. Liburuak baditu testuak, jakina, baina tresna garrantzitsuena, dudarik gabe, argazkia bera da. Heriotzaren lekura itzuli dira biktimen senideak: amak, anai-arrebak, seme-alabak, ilobak… Eta toki berean, heriotza gertatu zen lekuan, denak agertzen dira argazkietan, biktimen izpirituen lekukotzat. Hori da liburuaren muina. Orrialde hauetan ez dira sartzen biktima guztiak, ezinezkoa da, baina hainbat kasu aipatzen dira liburuan, guztiar 105.

 

Jarraitu irakurtzen

2015-12-04

Euskal populua betidanik erbesteari lotuta egon da. Beste garai batzuetan inposatutako mugan zeharreko joan-etorria izan bazen ere, XIX. mendetik aurrera mundu mailako dispertsio bihurtu zen. Hamaika harrera-herrialdetan euskal erbesteak komunitateak sortu zituen, bizitza politiko eta kulturalean parte hartu zuen, lotura batzuk galdu zituen eta berri batzuk sortu. 1936tik gaur egun arte, 170.000 gizon, emakume eta haur beren herria atzean uztera derrigortuak izan dira, arrazoi ezberdinak direla medio, baina sarri zio politikoengatik. Haien testigantzak, norakoak, ihesbideak, arazoak, harremanak eta bizipenak bilduz, lan honek historian zehar gerra eta errepresiotik ihesi beren aberritik alde egin behar izan duten milaka iheslarien memoria berreskuratu nahi du. Halaber, azken mende erdiko erbestean indar berezia egin nahi du, guztien artean ezezagunena eta manipulatuena izanagatik ere, Euskal Herriko orainean arrasto sakona utzi baitu.

Jarraitu irakurtzen

2019-01-30

Euskal Memoria Fundazioaren azken lan monografikoak pegatinei buruzko ikerketa eta bilduma izan du berriro oinarri. Izan ere, adierazpen askatasunaren defentsan oso baliagarriak izan dira Euskal Herrian. Borroka luze eta iraunkor bezain garrantzitsuan, protagonista bilakatu dira. 1960ko hamarkadaren erdian sortutako lehen pegatinak eta garaikideagoak direnak, orotara 9.000 inguru bilduko ditu lan mardul honek eta 3 liburukietan argitaratuko dira. Bigarrenak, 1980tik 1989ra bitarteko 3.000 jaso ditu. Proiektuaren bigarren zatia da hau.   

Jarraitu irakurtzen

2010-12-01

Azken 50 urteetako errepresioaren ondorioen bilduma herritarra eta dokumentatua, eskualdez eskualdeko osagai esanguratsuekin jantzia eta ardatzez ardatz (hildakoak, erbestea, espetxea…) estatuen jazarpenak Euskal Herrian eragindako minaren arrastoen argazki zabala eskaintzen duena. Herriz herri bildutakoaren datu-baseak osagarri ditu euskarri digitalean.

Jarraitu irakurtzen

2011-11-20

Iñaki Egaña, 2011. Euskal Memoria Fundazioaren bigarren lan monografikoa. 1936ko altxamendu faxistaren osteko kronika sozio-politiko mardula eta garai honek euskal herritarroi jendarteko esparru orotan eragindako errepresioaren erakusgarri. Fusilatuen, borroka eremuan hildakoen eta TOP delakoak auziperatu dituen herritarren zerrendak eskaintzen ditu, besteak beste, eranskinetan.

Jarraitu irakurtzen

2012-12-20

Julen Arzuaga, 2012. Euskal Memoriaren hirugarren lan monografikoarekin inoiz torturaren ondorioen inguruan  egindako bilduma-lan osatuena eman dugu argitara, herriz herri bildutako torturatuen errolda,  lekukotasunak eta inpunitatearen datu adierazleak jakitera emanez.

Jarraitu irakurtzen

2013-11-29

Dabid Anaut Peña, 2013. Hizkuntza zapalkuntzaren memoriari heldu dio Euskal Memoriak 2013ko dibulgazio lanarekin.Euskararen jazarpenak eragindako gertaerak, sentimenduak, bizipenak eta gogoetak jaso ditu lan honek, azken mendearen enborrari helduta. Baina baita euskara lotua eta hankapetua zuten kateak hausteko asmo osoz sortutako mugimendu indartsuaren jatorria eta ibilbidea, elkarrizketa eta kolaborazio anitzez osatua.

Jarraitu irakurtzen

2014-11-29

2014. Gerra zikinak eragindakoa jasotzen du hainbat egileren artean osaturiko Euskal Memoriaren lan monografikoak, azken urteetan modu herritarrean bildu dugun dokumentazio eta informazioan oinarrituta. Talde paramilitarrek (BVE, Triple A, GAL…) eragindako atentatuak, bahiketak eta militanteen desagerpenak, ekintza indiskriminatuak, abertzaleen ondasunen kontrako erasoak… argitara ekarri ditu argitalpen honek. Biktima eta adituei egindako elkarrizketak, estatu terrorismoaren azterketa zein hedabideen inplikazioa biltzen ditu, baita kronologia osatua ere.

 

Jarraitu irakurtzen

2019-11-21

Euskal Herriaren historian zehar, euskal disidentziaren aurka erabilitako zigorra izan da espetxea. Ez da inolaz ere adierazpide errepresibo bakarra; bada, ordea, zuzenbideaz haraindi eta boterean daudenen mesedetarako bakarrik sortutako zigor kodean oinarritutako zerbait. Miguel Castells abokatuak adierazi bezala, estrategia errepresibo zabalago baten baitan kokatzen da kartzela, ezbairik gabe –gehituko genuke–, errepresiboa, ideologikoa, hertsatzailea eta mendekatzailea den zigor-eredua.

Jarraitu irakurtzen

2020-11-18

1950. hamarkadaren bukaeratik gaur arte, Euskal Herriko milaka pertsona zigortu dituzte kartzela-zigorrekin: epaiketa sumarisimoetan, auzitegi militarretan, Ordena Publikoko Auzitegian (TOP) edota haren ondorengoan, oraindik indarrean dagoen Auzitegi Nazionalan. Epaiketarik gabe zuzenean kartzelara bidali dituzten pertsonen kasuak ere ezagutu ditugu Euskal Herrian, dinamika errepikatuan. Batzuk hainbat egunez edo astebetez kartzelaratu zituzten, komisaldegi eta kuarteletako galdeketak gainditu ondoren. Beste batzuk bost, hamar, hogei edo urte gehiagoz egon dira kartzelan. Ehunka kartzelan daude oraindik.

 

Jarraitu irakurtzen

2021-12-01

Esku artean duzun argitalpena ez da liburu arrunta, ohikoa, azalarekin eta hitzaurrearekin hasi eta amaierako oharrarekin bukatzen den horietakoa. Kontsultarako liburukia da, begiak eta orriak presarik gabe pasatzekoa. Lehenik eta behin, so egin eranskailu historikoen erreprodukzioei, haien mezuak eta diseinua aztertzeko plazeragatik, besterik ez. Orrialde hauek laburbiltzen duten hamarkadan bizitako gertakariak kokatzeko, iraganeko egoerak eta norberaren bizipenak berriro bizitzeko. Eta, gainera, dokumentu honen orrialdeetan, ikonoetan eta testuetan gure lurraldeko historia handiaren zati txiki bat gordetzen da, haren indargune eta kontraesanekin, filia eta fobiekin.

Jarraitu irakurtzen

2017-06-07

Euskal Memoria Fundazioaren azken lan monografikoak pegatinei buruzko ikerketa eta bilduma izan du oinarri. Izan ere, adierazpen askatasunaren defentsan oso baliagarriak izan dira Euskal Herrian. Borroka luze eta iraunkor bezain garrantzitsuan, protagonista bilakatu dira. 1960ko hamarkadaren erdian sortutako lehen pegatinak eta garaikideagoak direnak,  orotara 9.000 inguru bilduko ditu lan mardul honek eta 3 liburukietan argitaratuko dira. Lehenak, 1965etik 1979ra bitarteko 3.000 jaso ditu. Proiektuaren hasiera baino ez da.      

Jarraitu irakurtzen