Babestu
Euskal Memoriaren babesle
2015-02-16
EUSKAL MEMORIA egitasmoa geure historia bildu eta ezagutarazteko asmoz sortu zen. Besteak beste, Euskal Herriak dokumentazio gune eta herri memoria eraikitzeko bestelako tresna propioak izan ditzan, geure iraganarekin eta egungo abagunearekin lotuta estatuek eraiki dituzten gezur horiei guztiei eta aurrera begira inposatu nahi duten kontakizun bat eta bakar horri aurre egiteko. Ibilbide horretan lehen pauso esanguratsuak emanak ditugu, 2010eko abenduan “Gernikako seme-alabak” azken 50 urteetako errepresioaren ondorioen bilduma herritarra eta dokumentatua argitaratuz, “Frankismoa Euskal Herrian” bigarren lan monografikoa osatuz, “Oso latza izan da” torturaren inguruko lana argitara emanez zein “Euskararen kate hautsiak” hizkuntza zapalkuntzaren memoriari buruzko liburua kaleratuz, “Deklaratu gabeko gerra” monografikoarekin gerra zikinaren ondorioetan sakonduz, urtean bi aldizkari plazaratuz, eta dokumentazio gunea jendarteratzeko pausoa emanez.
Bilduma eta zabaltze lan hau guztion artean osatzea ezinbestekoa izaki, geure kontakizun propioa eraiki eta ezagutaraztea Euskal Herriak zeregin garrantzitsua baitu, egitasmoaren oinarriak ezartzeko zeure babesa eta bultzada beharrezkoak ditugu. Izan ere, 6.000 babesle behar ditugu oinarri hori eraikitzeko. EUSKAL MEMORIAren babesleek (eta soilik babesleek) urtean liburu monografiko bat (“egia ofizialak” inoiz jasotzen ez dituen gaien inguruan betiere) jasotzen dute, euskaraz ala gazteleraz aukeran, taxuera eta sakontasun handikoa. Horrez gain, urtean bitan ere EUSKAL MEMORIA ALDIZKARIA jasotzen dute, geure iraganaren arakatze lanak emandako fruituak jasotzeko.