Nortzuk gara?
Euskal Memoria Fundazioa, oroimena bildu eta zabaltzeko
2014-10-08
Geure historia guk geuk kontatzeko asmoz abiatu zen 2009ko azaroan Euskal Memoria Fundazioa, konpromiso bikoitza agertuz. Batetik, dibulgazioari begira, urtero liburu bat eta bi aldizkari kaleratuz; bestetik, bildumari begira, Dokumentazio Gune iraunkor bateranzko bidea ibiliz. Babesleen laguntza oinarri, oroimen historikoa bildu eta zabaltzeko tresnak sortzen dihardugu.
Euskal Herriak, herri ukatua eta zapaldua den heinean, bere azalean bizi izan du historiaren faltsutze etengabea. Espainiar eta frantziar estatuen eraso ideologikoak eragina izan du gure ikuspegian. Izan ere, hedabideek, hezkuntza kurrikulumak, erakundeen diskurtsoek eta doktrina antiterroristak hamarkadak daramatzate garenaren eta egiten dugunaren gezurrezko bertsioa eskaintzen.
Eraso ideologiko horren helburua herri honen jatorria ezeztatzea da, geure talde-nortasunaren oinarriak mito zentzugabetzat hartzea, horrekin gure etorkizuna desaktibatzeko. Ortzimuga ikusi ez dezagun, gure historiaren sustraiak industen dizkigute. Iragana gezurtatuz, orainari beldur izan diezaiogun eta etorkizuna ikus ez dezagun.
Zentzu horretan, Euskal Herriaren memoria berreskuratzea garrantzia handiko eginkizuna da. Gure jendartearen bizipenak talde-borondate baten zati dira, honenbestez ezinbestekoa da ekimen iraunkor, irudimenezko eta aktibatzaileen bidez lapurtutako memoriaren berreskurapenaren partaide izatea. Herria bera sujetu izatea, alegia.
Horregatik, geure berezko historiaren gidoigile eta narratzaile nagusi izateko ahaleginak merezi du. Gauzak aldatu nahi baldin baditugu, ezinbesteko baldintza da nortzuk garen, nondik gatozen eta zergatik irauten duen ezeztatzen gaituen zapalketa honek. Ez dezagun ahantzi aldaketarako baldintzak geure autokontzientziaren baitan ditugula. Euskal Herriko memoria historikoa, ordea, ez da jakitunen eztabaiden arteko planoan geratzen. Alderantziz, ondorengo belaunaldiei egiaren lekukoa eta erresistentzia iristen zaiela ziurtatzeko baliabide eraginkorrena da. Aldaketa politiko eta sozialerako indargunea. Geure nortasuna eta kale eta testu liburuetako eskaerak ezabatu nahi dituen erasoan aurrean lubaki eraginkorra.
Izan ere, etorkizuna eraiki eta oraina aldarazteko ariketa eraginkor zein ezinbestekoa da memoria historikoaren berreskurapena. Geure historia ostera ere errepasatu eta berriz hausnartzea Euskal Herriko gatazka politikoa gainditzeko, eta irtenbide demokratiko batera gerturatzeko inbertsioa da, eta horixe da aurrean dugun erronka, interferentziarik gabe ulertu eta kontatzea: 1936ko gerra, Frankismoa, Erreforma, frantses zentralismoa eta espainiar Konstituzioa nabarmenki kate-maila berean daudela ulertzen dugunean gatazkaren, bere jatorriaren, ondorioen eta konponbidearen ikuspegi orokorra zeharo aldatuko dugu. Orduantxe bakarrik hasiko gara irabazten geure geurea den egiaren hautematea.
Euskal Memoriaren helburuak
Berreskurapen honetan jauzi esanguratsua ematera etorri da, hain zuzen ere, Euskal Memoria Fundazioa. Ariketa kolektibo honetan aurrera egiteko ezinbestekoa dugu sarea jostea, ekarpena egin eta biltzeko, informazio bilduma-lana zein dibulgazioa bermatzeko. Egitasmo honen bitartez, errealitate bilakatu nahi dugu geure historiaren berreskurapenaren ariketa kolektibo hori, garaiz garai, arloz arlo, herriz herri...
Helburuak, beraz, ikusmira luzearekin begiratzekoak dira, baina jadanik pausoak emanez gauzatu nahi ditugunak:
- Batetik, geure historia eraikitzeko bilduma-lana egituratzea dugu helburu. Informazio-sare partehartzaile, bizi eta egiazkoa osatzen joatea, alegia. Gu geu izan gaitezen geure ikusmira propioa osatuko dugunak. Orain arte gai eta argitalepenei begira emandako pausoak abiapuntu, Dokumentazio Gune iraunkorra abiatzen ari gara, tresna herritarra izan dadin.
- Bestetik, biltzen dugun hori jendarteratu behar dugu. Sare horren izaera dibulgatzailea ere izan dadin. Herri honek bere historia propioa ezagutuz hartuko du bere buruaren kontzientzia, aldaketarako ikuspegi propioa. Lan ideologiko eta sozial zabala behar dugu horretarako, euskarri anitz baliatuko dituena, zabala, partehartzailea eta irekia."Gernikako seme-alabak" lanarekin abiatutako dibulgazio-lanari beste lau argitalpen monografiko gehitu zaizkio,
Euskal Memoriaren zutabeak
Nola heldu erronka honi? Zutabe ezberdinen gainean eman ditugu oinarrizkoak baina atzeraezinak izan nahi duten pausoak:
Lehenik, Euskal Memoria Fundazioa abiatzea. Euskal Herriaren historiaren berreskurapenean modu ezberdinetara parte hartzeagatik ezagunak eta erreferentziazkoak diren pertsonek osatua, lan ideologiko eta sozial horren erreferentzia nagusietako bat izateko bidea egin du. 2009ko azaroan eman zituen lehen pausoak Fundazioak, bere burua aurkeztuz eta ibilbide luze honetarako babesa eskatuz.
Bigarren zutabea dibulgazioarena dugu. Aurkezpenetik bertatik hedapenari begirako konpromisoak jendarteratu zituzten fundatzaileek. Hala, lerro editorial zehatza martxan jarri eta 2010ean eman genuen argitara lehen lan monografikoa, "Gernikako seme-alabak. Euskal Herria 1960-2010". Ibilbide horri segida emateko, urtero berrikuspena eskatzen duten memoriaren gaiak ardatz hartutako argitalpen mardulak helarazi dizkiegu babesleei. Horrez gain, urtero bi aldizkari argitaratu ditugu, memoria historikoa berreskuratzeko bidean jasotzen goazena ezagutarazi eta ekarpenei bide berriak eskaintzeko, oroimen kolektibo herritarra jostera bidean.
Eta horrek garamatza horretarako ezinbestekoa dugun zutabera, jasotzen eta ezagutzen goazena iraunkorki euskal jendarteari eskuragarri jartzeko egitasmora. Dokumentazio Gunea atontzen aritu gara Fundazioa abiatu zenetik, eta 1936tik gaurdaino errepresioak eragindako ondorioak zein gatazka politikoarekin loturiko gertakariak eta horien inguruko datu eta dokumentazioa sailkatu eta modu homologatu zein egituratuan prestatzen ari gara, modu ahalik eta xehetuenean jaso dezagun denon artean biltzen ari garena.
Egitasmoaren oinarria, babesleak
Hau guztia errealitate izan dadin, ordea, oinarria behar dugu, egitasmoaren bideragarritasuna zein iraunkortasuna bermatuko duen oinarria. Babesleen beharra dugu orain arteko bide horri eutsi eta sendotzeko, eta hauexek babesle izatearen ondorioak:
- Datozen urtetan argitaratuko diren liburu eta aldizkarien harpidedun egitea (urtean liburu bat, formatu dotorekoa, eta bi aldizkari).
- Urtean 65€ren truke.
- Liburuak modu honetan soilik eskuratu ahal izango dira.
Anima zaitezte, sakatu HEMEN eta formularioa bete ondoren bidali. Babestu horrela Euskal Memoria ekimena.
EUSKAL MEMORIAREN FUNDATZAILEAK
Jesús Lezaun Apaiza - Jorge Cortés Izal Ikastolen sortzailea - Iñaki Egaña Idazlea - Fermín Balentzia Abeslaria - Graxi Etxebehere Erizaina - Iñaki O’Shea IPESeko kidea - Periko Solabarria Apaiza eta sindikalista - Erramun Martikorena Abeslaria - Andoni Txasko Martxoak 3 Elkarteko kidea - Floren Aoiz Analista politikoa - Jose Mari Esparza Editorea - Ane Muguruza Ikaslea - Lucio Urtubia Igeltsero eta anarkista - Jose Manuel Pagoaga "Peixoto" Iheslari politikoa - Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko abeslaria - Koldo Amezketa EAko parlamentaria - Joxe Elorrieta ELAko sindikalista - Fernando Larruquert Argazkilari eta zinemagilea - Itziar Aizpurua Militante abertzalea.
EGITASMOA BABESTEN DUTEN MEMORIAREN ARLOKO ANTOLAKUNDEAK
- Altaffaylla Kultur Taldea
- AFAN
- Ahaztuak
- Ipar Hegoa fundazioa
- IPES Bilbao
- Olaso Dorrea Fundazioa
- Orreaga Fundazioa
- Martxoak 3 Elkartea
- San Fermines 78 gogoan Herri Ekimena
@ (2010-2024) Euskal Memoria Fundazioa. Ama Kandida Etorbidea 21, Denak Poligonoa 200-201. 20140 - ANDOAIN
Tel. 688 693 778 E-mail:info@euskalmemoria.eus