Albisteak
"Frankismoa Euskal Herrian", lana plazaratu du Euskal Memoriak
2011-11-30
Franco diktadoreak udan pasatzen zituen jauregian bertan, Donostiako Aiete Jauregian, bildu dira gaur Euskal Memoriako babesle, fundatzaile eta memoriaren inguruan aritzen diren eragileak, Frankismoari buruz egindako lan sakonari ongietorria ematera, ordezkari instituzionalez gain. Isilpean eta itzalean sufritu duten horiei guztiei eskaini die lana Iñaki Egaña historialari eta idazleak.
Euskal Memoriako lehendakari denak liburu berriaren oinarria azaldu du, Errejimen frankistaren egia azalera ekartzea, alegia, bere zabaltasunean. Baina bidearen hasiera besterik ez dela ere argitu du, izan ere Euskal Herriak auzolanean osatu beharko du benetan garai historiko honi buruzko egia, eragindako sufrimendu guztia aitortzea nahi bada.
Hunkituta aurkeztu eta agurtu ditu mahaian berarekin egon direnak. Pako Etxeberria Aranzadiko lehendakaria, hobi komunetan hezurrak "eta duintasuna" bilatzen egiten ari den lan eskerga kontuan izaki; Juan Joxe Agirre Lazkaoko Beneditarren Artxibategiko arduraduna, Frankismoari buruz hausnarketa egiteko beharrezkoa baita han bilduta dagoen ondarea... eta Frankismoaren biktima zentzu anitzetan izan diren Marcelo Usabiaga 20 urte espetxean egondako makia; Rosa Larrañaga aita fusilatu eta haurra zela SSBBra erbesteratutakoa eta Txomin Letamendi, Frankismoaren azken hamarkadan torturatu eta atxilotua, aita Frankismoaren hasieran torturaz hil zuten bezala.
Hauek itzalpean, ilunpean borrokatu eta sufritu dutelako iritsi garela gauden egoerara aipatu du Egañak, diktadorearen “udako etxean” egi hau azaleratzeak egoerak irauli ditzakegula adierazten duela azpimarratuz.
Pako Etxeberria mediku forenseak lan honek Frankismo osoaren azterketa beharrezkoa eskaintzen duela aipatu du, eta diktadurak utzitako minaren dimentsio gizatiar guztia argitara ekartzeko beharra. Hobi komunen azterketan, elkarlanean aritu eta aritzen dira Egaña eta Etxeberria, besteak beste. Eta lan horrek soka luzea du oraindik.
Juan Joxe Agirrek, dokumentazioa gordetzearen, biltzearen garrantzia jarri du mahai gainean, eta gonbitea egin du Frankismo garaiko edozein idatzi, argitalpen, euskarri gordeta duen orori hori eskurarazteko, izan ere, euskarri horietan ere bai baitago gure historia ez idatzia.
Zerrendak eta edukiak
Lan mardula da "Frankismoa Euskal Herrian. Behin betiko konponbidea", urte luzetako ikerketaren eta elkarlanaren ondorio. Frankismoaren kronika soziopolitiko osatua, 1936ko altxamendu faxistaren ondorioz Euskal Herrian indarrez ezarri zuten garaia kontatu du Iñaki Egaña Donostiako historiagileak.
Kronologia soziala eta politikoa jasotzen du; 1.500dik gora argazki; herrietan gertaturikoa. Gainera, 1936tik aurrera borrokan hildako eta fusilatuen, erbesteratutako haurren, hildako zibilen eta TOP delakoak auziperatutakoen zerrendak jasotzen dituen datu-basea du osagarri, CD-Rom batean.
Lan honetatik abiatuta, frankismoaren kontra egiteke dagoen epaiketa horretarako abiapuntu bat izango dugu. Herri epaiketa, diktadorearen kontrakoek esaten zuten bezala. Eta epaiketa hori historiak berak egingo diona izango da. Buruzagi iraultzaile batek esan zuen historiak absolbitu egingo zuela. Gure kasuan, duda izpirik ere ez dago historiak diktadorea kondenatu egingo duela, aringarririk gabe, euskal gizartearen gehiengoak dagoeneko kondenatu duen bezala.
@ (2010-2024) Euskal Memoria Fundazioa. Ama Kandida Etorbidea 21, Denak Poligonoa 200-201. 20140 - ANDOAIN
Tel. 688 693 778 E-mail:info@euskalmemoria.eus