Albisteak
Egiaztatutako 4.000tik gora tortura kasu, ikusgai
2015-06-09
Euskal Memoria Fundazioak webgunera igo berri ditu ziurtatu eta datuz osatutako 739 tortura kasu berri, beraz orain arte konfirmatu ahal izan ditugun euskal herritar torturatuen kasuak 4.015 dira. Dokumentazio eta lekukotasun berriak jaso heinean hurrengo aste eta hilabeteetan zerrendaok berritzen joatea da helburua, ikerketa osatu arte. Edonola ere, gaiaren konplexutasuna kontuan izanda inoiz behin-betikotzat eman ezin ahalko den esparrua dugu hau.
Azken hamarkadetan milaka izan dira euskal herritar torturatuen kasuak, etengabeko hari jarraia geure memorian, hainbat iturri eta estimazioren arabera 19.000 ere izan litezke. Dena den, orain arte kasuz kasu hauek konfirmatzeko ariketa egin gabe zegoen, eta urteotan horixe izan da Euskal Memoria Fundazioak egindako ekarpena. Izan ere, torturaren ondorioen dimentsio kualitatiboaz gain, kuantitatiboa ere aintzat hartu dugu, webgunera igo aurretik kasu bakoitzak baieztapen prozesu zehatzari jarraitu baitio, herritarren lanari esker.
Bestelako ikerketetan bezala, Euskal Memoria Fundazioak dei egiten dio gai honen inguruko dokumentazio edota informazioa duen orori, hau helarazteko, bilduma osatzen segi dezagun. Geure e-posta helbidearen bitartez -info@euskalmemoria.eus- zein Dokumentazio Gunearen egoitzara igorrita -Ametzagaña 19 behea, Donostia 20012.
@ (2010-2025) Euskal Memoria Fundazioa. Ama Kandida Etorbidea 21, Denak Poligonoa 200-201. 20140 - ANDOAIN
Tel. 688 693 778 E-mail:info@euskalmemoria.eus