Albisteak

Irunberri: inpunitateari amaiera emateko aldarria, 25 urte beranduago

2015-06-25

Irunberriko arroilan Jon Lizarralde eta Susana Arregi etakideak hilik eta German Rubenach larri zaurituta aurkitu zituztenetik 25 urte igaro direnean, gertaturikoa argitu eta egia jakiteko eskaera indartu da Oñati, Andoain eta Iruñean burutzen ari diren ekimenen bidez, besteak beste. Txemi Gorostiza kasua jarraitu zuen abokatuak, eta German Rubenach berak hitzaldia eskaini zuten Oñatin, "Zer gertatu zen Irunberrin?" galdetzeko.

Oñatiko Euskal Memoriak antolaturiko hitzaldian kasu honen jarraipena egindako Txemi Gorostiza abokatuak bertsio ofizialak (aldatuz joan ziren, eta hiru bertsio ofizial ere izan ziren) zalantzan jartzeko ebidentzien azalpen argigarria egin zuen, baina betiere aurrera begirako ikuspegia indartuta: "Salatu egin behar dugu, egia jakiteko. Esperantzatik, eta aurrera eginez, trabatu gabe".

1990eko testuinguru politikoa eta orduko osagai nagusiak aipatuz, gertaturikoa inpunitatearen estalpean kokatu zuen. Bertsio ofizialekin (beren buruaz beste egin zutela, Germanek Susana hil zuela...) talka egiten zuten ebidentzia eta datuak eskaini zituen bere aurkezpenean. Ekainaren 25eko eguerditik Guardia Zibileko baliabide askorekin (54 patrol, lantxak errekatik, txakurrak, GAReko agenteak, kalez jantzitakoak, patruilak...) okupaturiko Irunberriko arroilan hurrengo goizera arte nola ez zituzten Arregi eta Lizarralde topatu; autopsiaren arabera Jon Lizarralde Iratiko uretan itota hil zela; Susanak tiroak ezkerretik eskuinera zituela eta bera eskuina zela (honen ondorioz aldatu zuten bertsio ofizialetako bat); hurrengo egun eta asteetan Nafarroan gertaturiko atxiloketak eta atxilotze-saiakerak ze informaziotan oinarritu ziren, gorpuekin batera poltsetan ezer gutxi topatu bazen; German ospitaleratua zela hura kontrolpean izan eta iruzur egiteko saiakera larri etengabeak; zergatik ez ote ziren ikertzeko aukerak baliatu aurrerantzean... Galdera eta kontraesan anitz, eta eskaera nagusi batekin osatu zituenak: "Gertakari hauek ere argitu eta aitortu daitezela. Oroitzapena eta erreparazioa beharrezkoak dira esparru instituzionaletik ere".

Argipenak eta inpunitatea

German Rubenach berak ere, hainbat urte espetxean egin ondoren eta jasotako tiro zauriek eragindako ondorio larrietako batzuk ere oraindik pairatzen dituela, argipena eskatu zuen. "Inpunitatearekin amaitu behar da, berriz ere halakoak errepika ez daitezen".

Ikus Susana Arregi eta Jon Lizarralderen dosierrak Euskal Memoriaren Dokumentazio Gunean.

 

Irunberri: inpunitateari amaiera emateko aldarria, 25 urte beranduago
Irunberri: inpunitateari amaiera emateko aldarria, 25 urte beranduago