Albisteak
"Trabajadoriak" dokumentalaren aurkezpena
2015-07-27
Uztailaren 25ean aurkeztu zen Oiartzungo udaleko areto nagusian Kattin Txiki Elkartearen azken lana: Trabajadoriak. Frankismoaren gatibuak Oarsoaldean. Dokumentalean trabajadorien testigantzak jasotzen dira, besteen artean, egun hilik diren Felix Padin, Guillermo Aizpuru eta Marcelo Usabiagarena eta Luis Ortiz Alfaurena, 99 urteko bilbotarra eta trabajadorien sufrimenduaren lekuko zuzena. Aurkezpenean Ortiz berak parte hartu zuen eta geroago beste omenaldi xume bat jaso zuen Babiloni kanpamenduan.
Luis Ortiz Alfau izan zen protagonista nagusia ekitaldian. Dokumentalaren pasarte guztiak, oraindik orain oso gogoan, arazorik gabe azaldu zizkion jendeari. Ortiz sei hilabete egon zen Oiartzungo kanpamenduan gatibu, eta beste bi urtez Bidangoitze inguruan, Nafarroan. Ekitaldiaren bukaeran, bizirik baldin badago, hurrengo urtean ere Oiartzunen egongo dela aipatu zuen.
Kattin Txikiren azken lanak Oiartzungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso ditu. Jexux Leonet, Oiartzungo alkateak, hitza hartu zuen "egia jakiteko eskubidea" daukagula eta memoria historikoa berreskuratzeko Kattin Txiki elkartea egiten ari den esfortzua eskertzekoa dela esateko. Ondoren, elkarteko kide Ramon Gaztelumendik hartu zuen hitza, trabajadorien batailoiei buruzko azalpenak emateko. Oarsoaldean 18 batailioi izan ziren eta 12.500 lagunek lan egin zuten eskualdean, errepideak eraikiz eta gotorlekuak indartuz: Aritxulegi, Pikoketa, Jaizkibel, Lezo, Gaintxurizketa, Pasaia, Errenteria...
Dokumentalaren aurkezpenaren ostean Babiloni kanpamendura joan zen jendea. Leku horretan barrakoi arrasto batzuk zutik mantentzen dira. Luis Ortiz Alfau eta trabajadorien senide batzuk parte hartu zuten omenaldian. Ortizek lore eskaintza egin zuen fusilatu guztien omenez eta aurresku batekin ekitaldia amaitutzat eman zen.
@ (2010-2024) Euskal Memoria Fundazioa. Ama Kandida Etorbidea 21, Denak Poligonoa 200-201. 20140 - ANDOAIN
Tel. 688 693 778 E-mail:info@euskalmemoria.eus