Albisteak
Sagardia Goñi familiari omenaldia Legarrean
2015-09-01
1936ko abuztuaren 30ean Juana Josefa Sagardia (haurdun) eta bere sei seme-alabak (Joaquín, Antonio, Pedro Julián, Martina, José eta Asunción) Legarreako leizean desagertu ziren. Ia 80 urte ondoren ehun bat lagun bildu ziren bertan, Sagardia Goñi familiari omenaldia eskaintzeko. Xumea baina sentikorra izan zen igandeko ekitaldia. Maite Urroz, Gazteluko alkateak; Zaloa Basabe, kazetariak; Iñaki Egaña, Euskal Memoria Fundazioko lehendakari eta historialariak eta Jose Maria Esparza, "La sima" (Osina) liburuaren egileak hartu zuten hitza.
Kasualitatez, igande horretan Behartutako Desagerpenen Nazioarteko Eguna izan zen mundu osoan. Euskal Herrian argitu gabeko 12.000 kasu baino gehiago daudela azpimarratu zuen Iñaki Egañak bere hitzaldian. Josemari Esparzaren ustez, Juana Josefa Nafarroako azken sorgina izan zen eta "egiak soilik sendatuko ditu zauriak ". Sagardia Goñi familiaren senideek, Dabid Anaut eta Virginia Aleman Nafarroako parlamentariak, elkarte memorialisten ordezkariek eta Lucio Urtubia, Cascanteko igeltsero eta anarkistak ere parte hartu zuten ekitaldian.
"Txoriak txori" eta "Agur Jaunak" kantuekin eman zitzaion amaiera omenaldiari.
@ (2010-2024) Euskal Memoria Fundazioa. Ama Kandida Etorbidea 21, Denak Poligonoa 200-201. 20140 - ANDOAIN
Tel. 688 693 778 E-mail:info@euskalmemoria.eus