Albisteak
170.000 iheslari 1936ko gerratik gaur egun arte
2015-12-01
EHUko Carlos Santamaria Zentroan aurkeztu zen atzo "Iheslariak. Euskal erbestea (1936-2015)" liburua. Euskal Memoria Fundazioaren seigarren lan monografikoa da eta ia mila orrialde ditu. Eugenio Etxebeste iheslari ohiak, erbestean jaio zen Ikerne Letamendik, Anai-Arteako Lehendakari Mixel Mendibourek eta liburua sinatzen duen Iñaki Egañak hartu zuten hitza ekitaldian. Euskal Memoriaren kidea den Karmele Urbistondok aurkezle lana egin zuen. Zenbait iheslari ohi ere izan zen aurkezpenean.
Etxebesteren ustez iheslari hitza da egokiena euren bizipena azaltzeko. Ez dira exiliatuak izan, ezta errefuxiatuak edo asilatuak ere, iheslariak baizik. Kasu gehienetan beren herrian geratzen ziren iheslariak, hots, Ipar Euskal Herrian. Klandestinitatean edo estatuaren oniritzipean. Ihes egiteko euren erabakia, aldiz, behartua izan zela esan zuen Etxebestek. Exilioan pasiboak ez zirela izan gehitu zuen, era berean: "Erbestea borroka elementu bat izan da, elementu aktibo bat, eta nazio askapen borrokaren protagonista izan da".
Ikerne Letamendi Urrestiren testigantza erbestea bera da. Parisen jaio zen. Gurasoak iheslariak ziren. Txomin Letamendi Murua bilbotarra izan zen bere aita, 1936ko gerran gudarien komandante. Karmele Urresti Iturrioz ama jaiotzaz ondarrutarra eta lanbidez erizaina. Parisen ezagutu ziren Ikerneren gurasoak eta handik Venezuelara joan ziren. Hiru urte geroago Euskal Herrira itzuli zen Letamendi-Urresti familia, baina Txomin 1945ean atxilotu zuten. Hainbat espetxetan egon zen. Torturatua izan ondoren osasun arazoak izan zituen, eta horien ondorioz hil zen. Ikerne Letamendik kontatu zuenaren arabera, "traba ugari" izan zituzten bizitza osoan, gerratik gaur egun arte. Bere semea, Robert Diaz Letamendi, 1992an atxilotu zuten Parisen, eta erbestean dago egun. Erbestearen soka luzea.
Ikerneren ondoren, Anai-Artea elkarteko lehendakari Mixel Mendibourek hartu zuen hitza. Elkarte horrek iheslariekiko egindako lanaren berri eman zuen. Etxebizitza bilatzeko, laguntza psikologikoa emateko, hitz batean aterpe bat izateko ahal izan duten guztia egin dutela adierazi zuen. Azken hamarkadetan iheslariei laguntza emateagatik 761 lagun atxilotu izan dituzte Ipar Euskal Herrian.
Azkenik, Iñaki Egañak hartu zuen hitza. 1936ko gerratik gaur arte Euskal Herrian 170.000 iheslari izan direla jakinarazi zuen historialariak. Gerra garaian bertan 151.000 lagunek egin zuten ihes Euskal Herritik, baina gehienak etxera itzuli ziren Mundu Gerra hastearekin bat. Gero, ekonomia arrazoiengatik edo soldaduskara ez joateko 1939tik 1960ra 12.000 lagun joan ziren bere sorterritik. Egoera politikoaren ondorioz, 1960tik gaur arte 3.000 pertsonek utzi behar izan dute beren herria. Datuen arabera, Euskal Herria herri migrantea izan dela azaldu zuen Egañak, eta 60 herrialdeetan barrena ibili direla euskal iheslariak
@ (2010-2024) Euskal Memoria Fundazioa. Ama Kandida Etorbidea 21, Denak Poligonoa 200-201. 20140 - ANDOAIN
Tel. 688 693 778 E-mail:info@euskalmemoria.eus