Albisteak

Egiaztatutako 5.000tik gora tortura kasu, ikusgai

2016-03-18

Euskal Memoria Fundazioak 1.007 tortura kasu berri jarri ditu ikusgai bere webgunean. Beraz, orain arte baieztatu ahal izan ditugun tortura kasuak, guztira, 5.022 dira. Ikerketak beste emaitza bat utzi du, alegia, atxilotu arren, 776 pertsona ez dituzte torturatu. 5.022 tortura kasuetatik, 4.224 gizonezkoei dagozkie, eta emakumezkoei, berriz, 798 kasu. % 15.

Polizia da tortura kasu gehienen arduraduna: % 46. Beste era batera esanda, 2.351 kasurena. Guardia Zibila 2.123 tortura kasuren atzean dago (% 42), eta Ertzaintza 350 kasuren atzean, % 7. Gainerako tortura kasuen (199) arduradunak beste gorputz polizial batzuk dira, Frantziako Polizia, esaterako.

Lekukotasun berriak jaso ahala zerrendak berritzen joatea da Fundazioaren helburua, eta hala, abiatutako ikerketa osatzea. Edonola ere, gaiaren konplexutasuna kontuan izanda, nekez eman ahal izango da behin betikotzat.

Azken hamarkadetan milaka izan dira tortura jasan duten euskal herritarrak. Soka luzeko gaia, geure memorian. Orain arteko kopuruak ez dira zehatzak izan, estimazioak baizik. Tortura kasuak konfirmatzeko ariketa egin gabe zegoen, eta urteotan horixe izan da Euskal Memoria Fundazioaren ekarpena. Izan ere, torturaren ondorioen dimentsio kualitatiboaz gain, kuantitatiboa ere aintzat hartu dugu, eta web-orrira igo aurretik, kasu bakoitzak egiaztapen prozesu zorrotz bati jarraitu dio.

Euskal Memoria Fundaziotik dei bat egiten zaie torturaren biktima izan diren guztiei euren testigantza eman dezaten, horren  egia jakitea ezinbestekoa baita. Era berean, gaur argitaratu diren datuen gainean zuzenketak egitea beharrezkotzat jotzen bada deitu:  943 244 584 / 688 693 788 zenbakietara edo idatzi helbide honetara: Euskal Memoria Fundazioa, Ametzagaña 19 behea, 20012 Donostia.

Zerrendara esteka zuzena

 

Egiaztatutako 5.000tik gora tortura kasu, ikusgai
Egiaztatutako 5.000tik gora tortura kasu, ikusgai