Albisteak

Espainiako Auzitegi Nazionalak Naparraren gorpua berriro bilatzeko agindu du

2018-05-15

Eneko Etxeberriak, Jose Miguel Etxeberriaren anaiak, oso argi esan zuen bere hitzaldian: "Aurkitu arte jarraituko dugu". Maiatzaren 8an Espainiako Auzitegi Nazionalak diligentzia berriak hartu zituen Naparraren gorpua aurkitzeko. Naparraren auziak, berriro, beste buelta bat eman du. Joan den martxoan Ismael Moreno epaileak auzia itxi zuen. Familiaren abokatuak, Iñigo Iruinek, errekurtso bat ipini zuen auzia ez ixteko eta diligentzia berriak irekitzeko. Orain Auzitegi Nazionalak Naparraren familiari eman dio arrazoia eta seguraski udazkenean bilaketa-lanak jarraituko dute Landetan, baina beste leku batean, Mont de Marsan inguruan ere, kasu honetan A aldean. Iazko garaian lanak B aldean egin zituzten teknikoek. 

Gainera. Auzitegi Nazionalaren autoak Cesid-eko agente ohia, Ramón Francisco Arnau de la Nuez, bilatzeko agindu du ere. Bere garaian Arnauk esan zion Iñaki Errazkin kazetariari Naparraren gorputza non zegoen eta gainera azaldu zion Cesidek bazeukala informazio zehatza Jose Miguel Etxeberriaren desagerpenari buruz. Oraindik Arnau ez da joan Auzitegi Nazionalera bere bertsioa epaileari esateko, baina Auzitegiak agindu du bere presentzia epailearen aurrean. Iruinek esan duenez, autoak beste ikerketa lerro bat zabaldu du, Cesidekoa, eta prentsaurrekoan argi dagoela Cesid-en itzala Estatu terrorismoaren ekintzetan gehitu du. Azkenik, Iñigo Iruinek esan du "Euskal Herriko historia hurbila ezin da idatzi Jose Miguel Etxeberria, Pertur eta Popo Larre aurkitu gabe".

Eneko Etxeberriaren hitzak amaitu dute hitzaldia. Naparraren anaiak Landetako iazko erabakiak "itxaropena zapuztu" ziela senidei azpimarratu du, baina Auzitegiaren auto berria "poz handia" izan dela familiarentzat, bereziki euren amarentzat, Celes Alvarez, bihar 89 urte betetzen dituena. Jose Miguel Etxeberria Alvarez, Naparra eta Bakunin, 1980ko ekainaren 11an desagertu zen Ipar Euskal Herrian. Egun hartan hitzordu bat zuen Ziburun, baina ez zen agertu. Gerra zikinaren ekintza bat izan zen eta Batallon Vasco-Español talde paramilitarrak bere gain hartu zuen Naparraren hilketa.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Naparraren gorpua berriro bilatzeko agindu du
Iñaki Egaña, Iñigo Iruin eta Eneko Etxeberria izan ziren prentsaurrekoan.

Fitxategiak

Estekak

Bideoak