Albisteak

Euskal Memoriaren aurtengo lan monografikoa babesleen artean banatzen ari da

2021-12-02

Euskal Memoria Fundazioa aurtengo lan monografikoa babesleen artean banatzen ari da. "Euskal Herriko Pegatak" bildumaren azken atala da, hain zuzen ere, joan den mendeko laurogeita hamarreko hamarkadari eskainitakoa. Gure herriak gai ezberdinei buruzko eranskailuak egiteko orduan duen sormenaren erakusgarri berri bat, zuzenean politikoetatik hasi eta jai eta jolas giroko gaietaraino.

Argitaratu berri den liburua errepasatzea garaiko gertaera nagusietako ibilbidea da. Memoria ariketa, kasu honetan oso bisuala, saiakuntzarekin eta ikerketarekin lotura handiagoa duten beste ikuspegi batzuetatik egin daitekeena osatzen duena.

Esku artean duzun argitalpena ez da liburu arrunta, ohikoa, azalarekin eta hitzaurrearekin hasi eta amaierako oharrarekin bukatzen den horietakoa. Kontsultarako liburukia da, begiak eta orriak presarik gabe pasatzekoa. Lehenik eta behin, so egin eranskailu historikoen erreprodukzioei, haien mezuak eta diseinua aztertzeko plazeragatik, besterik ez. Orrialde hauek laburbiltzen duten hamarkadan bizitako gertakariak kokatzeko, iraganeko egoerak eta norberaren bizipenak berriro bizitzeko. Eta, gainera, dokumentu honen orrialdeetan, ikonoetan eta testuetan gure lurraldeko historia handiaren zati txiki bat gordetzen da, haren indargune eta kontraesanekin, filia eta fobiekin.

Historia grafikoa, hirugarren liburuki honek pegaten 35 urteko etapa (1965-1999) biltzeko proiektuari amaiera ematen diona, ahalegin editorial berezi batean, seguruenik gure inguruan parekorik ez duena. Kultura herrikoiaren funtsezko zati bat, herriaren erraietatik sortzen dena, datozen urteetarako jasota uzteko saiakera. Belaunaldi berriek pegata-egile mordo baten lana benetako dimentsioan baloratzeko aukera izan dezaten, euren ideiak eta helburuak komunikatzeko sortu zituzten artelan txikiak baitira.

Euskal Memoriaren aurtengo lan monografikoa babesleen artean banatzen ari da
Euskal Memoriaren aurtengo lan monografikoa