Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Kasilda Egiara bueltatu da

2015-12-18

Josetxo Etxeberria - Euskal Memoriako kidea

Memoria eta destinoaren paradoxak. Malagako Alhaurín de la Torre espetxean nengoela, ama bisitara etorri eta berak ekarritako paketean zegoen, besteak beste, Pilar Iparragirrek idatzitako “Felix Likiniano. Miliciano de la utopía” liburua. Pasarte batzuk ezagutzen nituen, mila aldiz errepikatuak espetxeetako patioetan, Euskadi Ta Askatasunaren anagramaren egile izatea, edo Iparraldeko istorioak, esaterako. Baina benetan zur eta lur utzi nindutenak, bereziki 1936ko gerrarekin lotura duten gaiak izan ziren, “La Comuna de San Sebastián” edo Amarako kaleetan militarrek eta erreakzionarioek elkarren kontra izan zituzten talka latzak, adibidez.

Felix Likinianoren bizitzan murgildurik nenbilela, Kasilda Hernaezekin topo egin nuen. Tira, emakume bat! Ummm… Nor zen?  Emakume anarkista bat 1930. hamarkadan, hots, aurreko mendean. Donostian. Ene! Sekulakoa iruditu zitzaidan. Bada, Kasildak eta haren bizitzak piztu zidan jakin-mina beste ezerk baino gehiago.

Ikertzen hasi nintzen, alegia, espetxe barrutik lagunei informazioa behin eta berriz eskatzen -batzuek nazkatzen esango lukete-. “Casilda miliciana” liburuarekin topo egin nuen eta anekdota ugari neureganatu nituen.

Nire espetxealdia luzatu egin zuten, Gorenaren doktrina zitalaren ondorioz, eta Kasilda, Felixekin batera, nire memorian instalatzen joan zen. 2013ko azaroaren 20an, Estrasburgoko sententziari esker, kaleratu egin ninduten. Orduan hasi nintzen Kasilda eta Likiren ibilbidea berreskuratzen. Kasildak Kortxoenean lan egin zuen, bere bizitza sindikalaren parte bat han garatu zuen. Horren adierazle zen bere omenez gaztetxean margotu zuten mural ederra. Zen. Izan ere, duela gutxi eraitsi baitzuten gaztetxea, eta muralaren arrastorik ez da egun. Kapitalaren legeak, Kasi.

Amaran Kaxilda liburu-denda aurkitu nuen. Ustekabea. Bien aztarnak leku guztietan.

Loiolan lagun-min bati bisita egitera joan eta Kasildaren senide batekin topo egin nuen. Berriz ere historia. 1936an Loiolako kuartelean garaipen polita lortu zuten militarren aurka. Bat batean, Likiren obraren zati handi baten testamentu-betearazlea bihurtu nintzen. Zehazki ez dakit nola. Brontze batzuk, eskaiolazko eskultura bat, dokumentazioa eta 84 koadro. Guztia nire eskuetan. Ardura halakoa! Bi militante hauen dimentsio ikaragarria berriro ere agerian.

Erakusketa handi bat antolatu genuen Amara auzoan. Zabala, irekia, zeharkakoa. Atzera 1936ko barrikadak irudikatu genituen: gure aldean, anarkistak, komunistak, abertzaleak, feministak, herritarrak. Eta bihotzetan mundu berri bat generamala konturatu ginen. Arroka kalean, Amaran, beste mural bat loratu zen. Auzoko gazteek margotu zuten oraingoan. Oroimenaren duina eta borrokaren eredua.

Bizitza berreraikitzen ari naiz Egia auzoan. Nirekin Likiren koadro bat etorri da. Kasilda leiho batean pausaturik azaltzen da. Eta Loiolan, Kasildaren iloba bati egindako galdera etorri zitzaidan burura:  ”zure izeba ze kaletan  bizi zen?” “Virgen del Carmen kalean, Egian”, erantzun zidan. Hunkituta geratu nintzen.

Kasilda Egiara bueltatu da. Kale berean bizi naiz orain. Kasilda Egiara bueltatu da. Agur eta ohore Kasi eta Liki! •