Euskal Memoriako blogak
Hitz bi legez kanpoko kontraterrorismoaz
2016-02-19
Hektor Ortega - Historialaria eta kazetaria
Hitzak labainkorrak izan daitezke. Hiztegiek barruti itxietan gorde nahi badituzte ere, berbek ez dute esanahi zehatza eta finkoa adierazten. Batzuetan adiera asko dituztelako. Beste batzuetan esanahiak aldatuz joan direlako, denboraren poderioz. Eta askotan, hiztunak esaten duena eta benetan esan nahi duena desberdina eta are kontrajarria izan daitekeelako. Eleei lotutako edukiak isuri egiten dira, ibaietako urak nola. Horregatik Bizkaia aldean berba labanak esaten diegu zerbait lortzeko helburuaz esaten diren berba itxuraz ederrei. Labainkorrak, irristakorrak dira.
Zuri ere sarri erabiltzen da horretarako: hitz zuriak. Kanpotik onak, asmoz bestelakoak. Niri zuriak eta labanak begitandu zaizkit Eusko Jaurlaritzak Estatu espainolaren bortizkeria izendatzeko erabili berri dituenak: legez kanpoko kontraterrorismoa. Itxuraz, berba aseptikoak, objektibotasunaren emaitza. Edukiz, ostera, malmutzak. Zeren hiru ele horiek hautatze hutsaz, ustez bortizkeria horren testigantza jasotzera eta biktimei aitortza egitera datorrenak ongiaren eta gaizkiaren arteko marra zehaztu baitu, nor bere lekuan ipinita. Marraren alde batean onak -gehiegikeriak egin zituztela onartuta- eta bestean gaiztoak, gaizto zital hutsak. Zuriak eta beltzak eskema bere eginik, Eusko Jaurlaritzak urteetan ahaztu dituen biktima horiek markatu ez ezik, iraindu dituelakoan nago, gertatu zitzaiena zelan edo halan justifikatu baitu. Marraren alderdi okerrean zeuden.
Ez da bidezkoa. Eta ez da egia. Hori ez da Euskal Herrian 1960-2010 bitartean gertatu zena. Eta horrelako hitzak darabiltzanak ez du bortizkeria hori jaso eta aitortu nahi, ez ditu biktima horiek aintzat hartu gura. Nahi izan balu, Eusko Jaurlaritzak bazeuzkan bestelako aukerak, esku-eskura eduki ere. Atzerrian egin dutenari erreparatu besterik ez dago. Ikusi, adibidez, New York Timesek, BBCk edo are ingelesezko Wikipediak ere zer berbak erabili dituzten GAL bezalako taldeak izendatzeko. “Death squads” deitu diete, alegia, heriotza-eskuadroiak. Hitz bi, zurikeriarik gabe.•