Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Kasu bat

2016-05-13

Hektor Ortega - Kazetaria

Orain dela hogeita hamabost urte hiru gizon gazte etxetik irten eta mila kilometro egin zituzten haietako baten jaioterriraino, haren anaiaren lehenengo jaunartzea aitzakia, turismo apur bat egitera. Heldu ziren, heldu, kostalde eguzkitsu hartara, familiaren etxean azaldu, zorioneko mutikoa agurtu eta osteratxoa egitera atera ziren hirurak. 

Itsasbazterreko herri turistikoan gora eta behera ibili ziren lasai-lasai, oporretako berezko patxadaz. Bat-batean, denda baten zeudela, ezustea: oihuak, pistolak eta metrailetak haiei begira. Eraman egin zituzten. Bidaia biharamunean amaitu zen, bide bazterreko auto kiskaliaren barruan. Han zeutzan hiru gizon gazteak, gorpu, erreta eta tiroz josirik.

Horrelakoetan ohi den bezala, bertsio ofizialak dena azaldu zuen: ETAko terroristak ziren, atxiloturik zeramatzatenean ihes egiten saiatu eta guardiek tiro egin behar izan zuten. Ondorengo istripuan autoa sugarretan erre zen. Eta horrela geldituko zen, historia honetako hiru gizon gazteak euskaldunak izan balira. Baina ez. Kantabriakoak ziren Luis Manuel Cobos, Luis Montero eta Juan Mañas.

Berez, bertsio ofizialak ez zeukan ez hankarik ez bururik, baina hori askotan ikusi dugu eta ez da ezertxo ere gertatu. Kasu honetan aldea hiru hildakoen nortasunean zetzan. Iturri ofizialek hasieran ekin eta ekin, etakideak zirela, baina azkenean amore eman behar izan zuten, hura ez baitzegoen nondik defenditu.

Hala ere, familiek borroka latza egin behar izan zuten epaiketa izan zedin. Presio ikaragarriak jasan zituzten. Haien abokatuari zemai larriak egin zizkiotenez ostendurik bizi izan zen tarte batez. Baina etsi beharrean, tematu egin ziren. Eta dena kontra eduki arren, epaiketa lortu zuten, baita ebazpena ere: Castillo Quero teniente koronela (24 urteko espetxealdia), Gomez Torres tenientea (15 urte) eta Fernandez Llamas kaboa (12 urte) zigortu zituzten. Gainerako zortzi guardiak, jare.

Kontua da ez zutela bete zigorren erdia ere ez, “preso” egondako denbora tarte luzea instalazio militarretan eman zutela eroso-eroso, eta Barne Ministerioaren isilpeko diru-kutxatik milioi askoko ordainketak egin zizkietela. Kontua da Justiziak ez zuela inoiz jakin nahi izan gau hartan zer gertatu zen. Kontua da harrez gero lekuko batzuek kontatu egin dutela: ETAkoak zirelakoan hiru gazteak Casas Fuertes kuartel zaharrera eraman zituztela bertan lasai asko torturatzeko. Kontua da, lekuko haien arabera, Juan Mañas jipoiturik hil zutenean erabaki zutela besteak ere hiltzea eta arrastoa ezabatzea. Kontua izan liteke horrela jokatu zuten arren Estatuaren babesa jaso zutela. Benetako kontua da horrela jokatu zutelako jaso zutela Estatuaren babesa. Kontua delako Estatuak milaka pertsona torturatu dituela azken hamarkadetan. Eta kontua ere bada triskantza bihozgabe hari, oraindik ere, “el caso Almería” deitzen diotela.•