Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Itzaletik argira

2016-06-03

Miren Azkarate Badiola - Kazetaria

Aurten 28 urte bete dira silueta beltz bat zarela. Ia nire bizitza osoa. Gehitu bi urte aurpegiarekin. Aldez aurretik ere izan zara silueta beltz bat. Eta beste bi urtez aurpegidun gizona. Atzetik aurrera, 1977ko sasi-amnistiarekin atera zen euskal preso politikoa; iparraldean iheslari; berriz ere gatibu, eta azken urte horiek guztiak Kuban iheslari politiko. Bizitza osoan etxean ezagutu ez dudan senidea, hots, nire aita.

1984an, jaio nintzenerako, aita Hendaian bizi zen. GALen ekintzen urte gogorra izan zen, baita deportazio masiboen urtea ere. Ondorioz aitari bi egoera horiek tokatu ahal zitzaizkion, baina ez zen horrela izan. Hori bai, eraildako eta munduaren beste puntara eramandako guztiak lagunak eta kideak ziren. Anaia, ama eta hirurok astebururo joaten ginen aita eta gainontzekoak bisitatzera. Ni ez naiz oroitzen, baina esan bezala, urte latzak eta zailak izan ziren; guretzako ere muga pasatze hutsa arriskutsua zen. Ama eta bera bezalako emakumeengatik ez balitz...

1986an Espainiara estraditatu zuten beste hainbat iheslarirekin batera. Torturatu eta espetxeratu egin zuten. Orduantxe hasi ziren Herrera de la Manchara bidaiak ia bi urtez, atera eta Kubara alde egin zuen arte. Iparraldera joateari ez genion utzi. Azkenean denak ginen famili berekoak.

1990an ama, anaia eta hiruron lehen bidaia Kubara. Itzuleran bagenekien aita han geratu eta gu etxera bueltatuko ginela. Hurrengo aldia noiz izango zen eta egoera berri horretan gure aitarekin harremana zein izango zen jakin gabe, noski. Herrialde hura urruti dago eta bertara joateko hegazkina hartu behar denez, astebururo ezingo genuela egin konturatu ginen. Hurrengo aldian jada 14 urte nituen; hurrengoan 16 eta hurrengoan 17. 2002an Guardia Zibilak nik atxilotu baininduen. Torturak jasan nituen eta baita espetxea ere, bost urtez. Guztira hamar urte egon nintzen estatu espainiarretik ezin irten, eta ondorioz, aita ikusi ezinik. Atera nintzenean 28 urte nituen, eta orduan ikusi nuen azken aldiz.

Gure arteko harremana  noizean behineko telefono deiak eta azken urteetan e-mailak izan dira. Lehen urteetan oroitzen dut telefonoz ezin genuela aitaren izena esan, ezta aita hitza aipatu ere. Ikastolan galdetzen zigutenean gure gurasoak zertan egiten zuten lan, nire anaiaren eta nire erantzunak ezberdinak izaten ziren batzuetan. Egoera surrealista bi umerentzat. Baina etxekoei esker oso presente izan dugu beti aitaren figura.

Silueta beltzaren atzean pertsona eta bizitza asko ezkutatzen dira. Eta, nola ez, senide asko ere, egoera batzuen aurrean bigarren mailakoak edo zuzenean ikusezin sentitu garen senide asko hain zuzen ere.. Gizarteratzea oso zaila izan den kolektibo bat izan da beti iheslariena, zailtasunekin jakitun ere,errespetua galtzera iritsi gara maiz.Adibide xume batzuk: bileretan, manifestazioetarako leloetan eta antzekotan ez da iheslari hitza aipatu ere egiten. Aski ezagunak diren banderatxoetan noiz gehitu da iheslari hitza? Iheslarien senideok noiz jaso ditugu diru-laguntzak? Existitzen ote diren, eta, ondorioz, garen ere dudan jarri izan dut askotan

Bi urtetarako joan zen aita, gero beste birako, eta gero beste birako… Oraingoz behintzat 28 arte luzatu da, eta bere zigorrak ez du egun bakar bat erredimitzen. Iheslariek badakite noiz egiten duten alde, baina ez dakite noiz itzuliko diren. Ni preso sartu nindutenean banekien zein egunetan aterako nintzen eta horrek aukera ematen dizu “egun bat gehiago kartzelan egun bat gutxiago etxera bueltatzeko” pentsatzeko. Aukera ematen dizu urte mordo eta gogorren ostean etxera bueltatzeko. Aukera ematen dizu alaba jaiotzen denean etxera trasladoa eskatzeko, edo gurasoak hiltzen zaizkizunean herrira itzultzeko ordu batzuetan... Aitak ezin izan du hori guztia eta gehiago egin.

Bera aske bizi dela askotan aurpegiratu didate. Eguzkitan, palmera baten azpian, kubatak edaten... Bai, azken hau egia da, baina ez da aske bizi. Kartzela ez da soilik lau horma eta zazpi barrote zure ziegan. Kartzela ere bada zure eskubide guztien jabe ez izatea, ezin etxera itzultzea, ez edukitzea harreman normalik zure senide eta lagunekin... Hori da deserrian bizi direnen egoera. Deserria urrezko kartzela bat dela entzun izan dut. Egia borobila definizio onena!

Eta oraindik ere baditugu urrezko kartzela horietan bizi diren pertsonak. Senide eta lagunak dituztenak, aipatzen ez diren militanteak. Hiltzen direnean soilik kentzen diegu silueta beltza eta aurpegia jarri. •