Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Guztioi zor digutelako

2016-08-05

Hektor Ortega - Kazetaria

Javik 50 urte beteko ditu laster. Bizkaitarra da, baina ez daki euskararik. Haren amama zenak, ostera, inoiz ez zuen erdararik jakin. Erraza da irudikatzen hizkuntzaren aferak zelan markatu zuen bien arteko harremana.

 

Josek 80 urte bete ditu aurton. Hark ere ez daki euskararik, bizkaitarra izan arren. Haren amama zenak, inoiz ez zuen erdararik jakin. Orain berak dauzka bilobak eta hauek txikiak zirenean ez zekiten erdararik. Erraza da irudikatzen hizkuntzaren aferak zelan markatu dituen bere familia harremanak.

Gaiak gogoeta askotarako ematen du. Lehenengo eta bat, drama pertsonalak, zinez gogorrak. Gero, ikuspegi sozialak. Pentsa genezake ze galera den herri batentzat euskaldun hutsetik erdaldun hutsera igarotzea hiru belaunaldien epean. Pentsa genezake ze bortizkeria maila behar den akulturazio hori gure geografiako eremu zabaletan gauzatu ahal izateko. Pentsa genezake ze astakirten izan behar den horrelako hizkuntza politikak ezartzeko.

Baina bada beste ertz bat gakoa, nire ustez. Izan ere, pertsona bi horiekin gaiaren gainean berba egin dudanean, eztena gelditu zait bihotzean. Ez dute pentsatzen haien kontra inongo bortizkeriarik erabili denik. Ez dute ikusten haien hizkuntza izan behar zuena indarraren indarrez ostu dietenik. Ez dute sentitzen ez dietela eurak izaten utzi. Nik biolentzia ankerra ikusten dudan lekuan, haiek bizitzak aldean dakartzan gorabehera harrigarri horietako bat besterik ez.

Euskal Memoriak lan bikaina kaleratu zuen orain dela hiru urte euskararen aurkako bortizkeria jasota. Eta nago, lehenengo ondorio gisa atera beharko genukeela bortizkeria hori ez dela izan euskaldunen aurkakoa, Euskal Herriko seme-alaba guztien kontrakoa baino, euskalduna izan nahiz erdalduna izan: guztioi ostu digute euskaraz bizitzeko eskubidea. Nago, herritar askok ez dutela ikusten haien kontra zabaldutako bortizkeria, estatu biek -eta euskal botere batzuek- estaldura ikaragarria eman diotelako. Eta nago, beharbada, euskaltzaleok ez dugula behar bezain egoki azaldu.

Ez dakit hizkuntzekin zorretan egon daitekeen, baina pertsonekin bai, ez da dudarik. Azken 150-200 urteotan, gutxienez, Frantziaren eta Espainiaren estatu politikek euskaraz bizitzeko eskubidea urratu diete herritar guztiei. Nahita. Gaur egun ere, lehengo lepotik burua. Euskararen normalizazioa esaten dugunean, estatu etnizista bi horiek eragin diguten kaltea konpontzea esaten ari gara. Helburu horretara iristeko hartu beharreko erabakiek herritar guztiei ostu diguten eskubidea bermatu behar dute: euskaraz bizitzeko eskubidea. Hori gutxienez zor diete Javiri, Joseri, euskaltzaleei, euskaraz arduratzen ez direnei eta euskara gorroto dutenei. Euskal Herriko seme-alaba guztioi zor digutelako.