Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Memoriaren 80 urtemuga

2017-01-19

Juan Mari Zulaika - Goldatuko kidea

Aukera ona igarotako eta aurtengo urtemuga Memoriaren balantzea egiteko. Laurogei urtek burutzen dute Francoren altxamendua eta ondorengo gerratearen lehen urtea, indar nazionalek Euskadi menderatu zutenekoa. Hiru belaunaldi luze, mendetik hurbil. Sasoia da 80 urtetako isiltasuna eta inpunitatea behingoz garaitzeko. 

Banakak dira gerra ezagutu eta bizirik dirautenak. Argentinar Kereilaren erregua edo eskarien bitartez aurten epailearengana aurkeztu ahal izan duten hiru gudariek, José Moreno, Manuel Sagastibeltza eta Luis Ortiz Alfauk adinez 100 urte bete edo betetzear dute. Diktadura jasan genituenok ere, Frankismoaren azken lekukoek, erretretara aspalditxo iritzi ginen.  Gure esku dago memoria hori jaso eta plazaratzea. Gure ahotsa isiltzen bada, memoriak porrot egin lezake.

Gerrateak eta diktadurak  helburu hori zuten: era askotako bortxakeriaz beldurra zabaldu gizartean, oroimena zapuztu eta garaileen errelatoa ezartzearen alde; soilik euren ikuspuntutik idatzi historia. Aitortu behar, lortzeko zorian izan direla. Amnistia Legea hori bideratzera etorri zen eta Trantsizioak horretara eraman gaitu. Ez dira hamar urte honi buelta ematen hasi ginela Zapateroren Memoria Historiakoaren Legeaz gero, 2007ko abenduan. Harrezkero oso poliki, doi-doi, baina aurrera egin dute memoria lanek, nahiz eta urte amaierako diskurtsoan Erregeak aitortu hobe genuela kontu ohiek ahaztu gizartearen haustura dakartelako.

Gogora datorkit Iñaki Egañak “80” izenburu laburreko artikuluan idatzia (30-07-2016):  “Laurogei urte igaro dira, baina 1936aren ondoren gertaturikoaren oroimen ekintzak goraka doaz, orain bost urte ospatutakoak baino maila gorenakoak dira gaur; 75eko urteurrenekoak, zalantzarik gabe, 70ekoak baino areagokoak, eta desberdinak 50 urteurrenean ezker abertzaleak eta beste taldeek eragin zuten ekimenaren ondoan, Gernikan bonbardaketa oroitzera deitu zituenean nazioarteko jardunaldi gogoangarrian. 25 urteurrenaz, frankismoa bete-betean zegoenean (“bakearen 25 urte” goiburuaz) hobe isiltzea”.

Hitz hauen baikortasunarekin bat nator, nahiz eta batzuetan zalantzaz larritu, espainiar Estatuak memoriaren kontra altxa dituen harresiak aurrez aurre ikustean. Maria Serbini Argentinako epaileari behin ta berriz ateak itxi dizkio eta erreguen aurkezpenak galarazten ahaleginetan dabil. Halere, behingoz eta zorionez, Euskal Herriko erakunde publikoak, Batzar Nagusiak eta Udal nagusienak Memoria Historikoa praktikan jarri eta helburuak bete behar direlakoaren alde gero eta gehiago eta argiago ari dira agertzen: deklarapen zuhurrak, iker bulegoen zabalkuntza eta diru laguntzak,  jardunaldi eta ekintza anitzen antolaketa, Argentinar Kereilan parte hartuaz batera bertako epaitegietan herriko biktimen izenean kereila beraiek aurkezteko asmoak eta abar. Iruñea, Gasteiz, Donostia, Otxandio, Elgeta, Eibar, Hernani, Gernika, Durango eta abar. Estatuaren zehar beste hainbeste ari da gertatzen, Bartzelona, Zaragoza, Andaluzian eta abar.

Nire iritzira, ekimen hauek zabaltzen doazen heinean, ur tantak harria zulatu lezaken bezala, bertako epaileak mugiarazi lezakete eta pausoa aurrera ematera behartu. Bitartean herria nahiko informazioaz jabetzen doa eta oroimena berea egiten. Aginteekin batera, epaileek erantzukizun nabarmena dute Memoriaren aldeko beharkizunen ibilbide honetan. •