Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Zumalakarregi nazia eta memoria historikoa

2017-02-16

Hektor Ortega - Kazetaria

Azken asteotan Bilboko Udaleko talde bik, nork bere aldetik, eskabide berdina egin du: Tomas Zumalakarregi hiriko kale-izendegitik kentzea. PPren mozioak argudio bakarra dakar, labur-labur, eskaria justifikatzeko: “general que sitió y bombardeó Bilbao”. Bat dator, ia berbarik berba, Ganemos Goazen Bilbao talde ezkertiarraren arrazoiarekin: “es un sinsentido que siga habiendo una vía en Bilbao que lleve el nombre de un militar que ordenó cercar y bombardear nuestra ciudad”. Eta ondoren biek ala biek naziekin alderatu dute Ormaiztegikoa: “no dedicamos una calle a la Legión Cóndor” (PP) eta “¿o alguien piensa que en Londres habría una calle a nombre de Adolf Hitler?” (Ganemos Goazen Bilbao). 

Kondor Legioa eta Adolf Hitler; makalak, konparazioak. Baina, zergatik herra hori Zumalakarregiren aurka orain, hil zenetik 182 urte igaro ostean? Goazen alderdika. PPk mendekurako baliatu du: azkenaldion hiriko kale-izendegitik eskutada bat errekete eta falangista (Alfonso Txurruka, Rafael Sanchez Mazas, Eusebio García Alonso...) kendu dituztenez, PPko udal taldeak ere ezabatzeko hautagaiak proposatu ditu: Sabino Arana, Dolores Ibarruri Pasionaria eta Tomas Zumalakarregi.

Arana eta Ibarruriren aukeraketa argia da, etsai politikotzat jotzen dituztelako. Eta Zumalakarregi? Etorbidea nork eta lehenengo udal frankistak eman zion, 1937ko abuztuan, Bilbo konkistatu eta hilabetera. Honela justifikatu zuten orduan: “Se llamará avenida de Zumalacarregui en memoria de aquel gran militar admirado por propios y extraños y hasta por sus mismos enemigos y como recuerdo al lugar donde fue herido mortalmente en el primer sitio de Bilbao”. Hortaz, PPk frankismoaren erabaki baten aurka jo du. Aurrekaririk gabeko albistea! Eta, bide batez, PPk Kondor Legioa aipatu du gaitzespen tonuan. Ez dago dudarik: PPk demokraten klubean sartu nahi du, diktadurarekin zeuzkan loturak hautsita. Mirari hori 1835ean hil zen Zumalakarregiren lepotik gauzatu nahi du, alegia, kostu politikorik gabe. Gainera, eskuindarrentzat Ormaiztegikoa beti izan da apur bat susmagarri, karlistegia eta euskaldunegia izan zelako.

Ordu batzuk geroago, ostera, arrazoi taktikoak tarteko, PPk atzera egin eta proposamena bertan behera utzi du. Beste baten izango da.

Ez dakigu Ganemos Goazen Bilbaoren arrazoia zein izan den. Hori bai, Ormaiztegiko semeari dagokionez, PP eta Ganemos Goazen Bilbaoren eskabideak diskurtso historiko baten emaitza dira, batzuk eskuineko eta besteak ezkerreko izan arren. Errelato horren arabera, Bilbo liberalak karlismoaren oldarrari tinko eutsi zion, setiatu eta erruki gabe bonbardatu zuten arren. Udal talde biek inplizituki Bilbo liberalaren mitoa aldarrikatu dute, hiri aurrerakoi eta arrazionala, fanatismoaren armada osatzen zuten baserritar tradizionalista santujaleen aurka gailendu zena. Baina hori ez da egia historikoa, garaileek zabaldu zuten kontakizuna baino.

Noski, librea da joko politikoan proposamenak egitea eta librea da Zumalakarregiri etorbidea kentzeko eskatzea. Arrazoi sendoak ekar daitezke horren alde. Baina egin den moduan eginda, argi dago taldeon helburua ez dela izan memoria historikoa egoki jorratzea. 1835eko ekainaren 14an Bilbo hamaika kanoiz (hiruna Artaganen eta Miribillan eta bost Begoñako elizaren aurrean) bonbardatu zuen gizona lau ordutan 31 tona lehergailu su-eragilez Gernika zeharo suntsitu zutenekin edo historiako genozidarik handienarekin alderatzeak ondorio bakarra dakar: azken bi horien ardurak eta sarraskien larria desitxuratzea, biguntzea, zuritzea, normalizatzea. Memoria historikoari begirune gutxi dio edonon Kondor Legioak eta Hitlerrak ikusten dituenak. 

Azken ohar bat: Zumalakarregi naziekin alderatuta buruzagi karlistaren etsaiak ez dira automatiko demokraziaren aurrekari ausartak bilakatzen. Bilbo bihotz eta arima borrokatu zen demokraziaren alde eta faxismoaren aurka, bai, baina ez 1835ean, 1937an baizik. Eta kinka larri hartan, gure historia erabaki zen tenorean, Alfonso Txurruka, Rafael Sanchez Mazas, Eusebio Garcia Alonso, Bilboko kale-izendegitik azken 40 urteetan ezabatutako izen samalda eta PPren guraso politiko guztiak nazien bandoan zeuden, Hitlerrekin eta Kondor Legioarekin. Zumalakarregik, ostera, ehun urte zeramatzan lurpean. ♦