Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Erakundeek bertako Auzitegietan sartuko dituzte kereilak

2017-04-07

Juan Mari Zulaika - Goldatu eta Euskal Plataforma kidea

Azkenekoan adierazten nuen Argentinar Kereilak aurrera egiten duela Gobernuak jarritako traben gainetik. Azpimarratzen nuen nola hasi diren bultzatzen memoriazale taldeek kanpaina berri bat, non erakundeek bere gain hartzen duten  herriko auzitegietan frankismoaren aurkako  kereilak sartzea. 

Azken lau urtetan aitortu dituzten atxikipenen gainetik, herriko eta probintziako aginpideri tokatzen zaie bere gain hartzea tokian tokiko Biktimen Egia eta Justiziaren aldeko ardura, batez ere, oraindik auzitegietan agertzeko aukerarik izan ez duten biktimen aldekoa. Behingoz, apurtzen doa 80 urte luzeetan Gerratea eta Diktadurari buruzko isiltasuna, naiz eta berauek izan geroko bortizkeri oroen iturburua. Ez da izan bakarrik ETAren terrorismoa; aurretik Francoren terrorismoa izan zen eta jarraiko Diktadura; ondoren, poliziaren inguruko taldeen terrorismoaz batera, Estatuaren mila motatako terrorismoek.

Memoriaren aldeko taldeek saiatzen ari gera irabazleek ezarritako aldebakarreko errelatoaren gainetik egiazko historia berreskuratzen. Laidoz isilarazitako Biktimek ondo merezi dituzte errekonozimendu, justizia eta erreparazio ekintzak  beren aginteen aldetik. Halabeharrez, haien alde jartzera doaz  kereilak Batzar Nagusiek, Aldundiek, Udalek. Honela mugi daitezke bertako epaileek, hain bereiziki dagokien eginkizunean.

Gasteizko aginpideek izan dira lehenak, 2016.ko urrian, Martxoaren 3.ko masakrearen aurka bertako Auzitegian kereila sartu dutenak. Sarraski masiboa eta indiskriminatuaren  krudeltasuna hain nabarmena izanagatik, fiskalak ez die  opa nahi izan gizadiaren kontrako krimenen kategoria dutenik eta preskribitutzat jo ditu. Aginteek helegitea jarriko diote. Zorionak eta iraun!

Iruñeak jarraitu du eta martxoan aurkeztu berri du Auzitegian kereila frankismoak hirian eraildako 306 eta mila errepresaliatuen izenean. Joseba Asiron alkatearen beste erabaki ausarta Kriptatik Mola eta Sanjurjoren gorpuak erretiratzea izan da. Berdin, erabaki esanguratsua Justizia eta Memoriaren aldeko Sarea Estatu osora zabaltzea, non elkartu diren 50 bat hiri, adibidez, Zaragoza, Valentzia, Alicante, A Coruña, Tarragona eta abar. Eredugarri benetan koherentzia eta tinkotasunaren aldetik.

Juan Mari Zulaika, Tasio Erkizia, Julia Lanas eta Luis Ormazabal iazko abenduaren 16an Bilboko agerraldian.

Bartzelonak irekia du hiria bonbardatu zuten italiar hegazkinlarien kontrako kereila; baita ere, Puig Antichen hilketa ministroen Kontseilu barruan sinatu zuen militarraren kontra, Carlos Rey delakoa. Aztertzen ari da Katalunia erregimen frankistako Gerra Kontseiluak eta Ordena Publikoko Auzitegiak erabakitako epaiak ezabatzea. Eredu ona Jaurlaritzarentzako, zeinek ez duen Bakea eta Elkarbizitzako araudietan kontuan hartu Frankoren aurka erresistitzeagatik kartzela zigorra jasandako milaka borrokalari. Darabilzkien inkoherentzietako bat. Beste bat, -eta galanta-, gatazkaren hasiera 60.gn urtean kokatzea, gerratea eta diktadura maltzurrenaren lehen hogei urteak ezkutaturik.

Batzar Nagusiak, Elkargoko Aldundiak eta dozena bat udalek, adibidez, Errenteria, Eibar, Elgeta, Otxandio, Arrasate, Miranda de Ebro, Urduña, Larrabetzu eta abar, Bide horretatik abiatu dira. Herrietan hamaika elkarte memoria zaleak ugaltzen ari dira, 80 urteurrenean hainbat jardunaldi eta ospakizun antolatuz, hitzaldiak, dokumentalak, omenaldia, agerpenak, eta abar: Gernika, Durango, -bonbardaketaren hegazkinlariak identifikatu dituzte, zeintzuk inplikatuko dituzten Kereilan-, Elgeta, Donostia, Portugalete, Bermeo, Plentzia eta abar. Mugimendua gora dator, udaletako alderdi gehienen laguntzaz. Gaitza izango du Gobernu nagusiak beroni eustea!

Oreka puntura, aurrez pentsa ere ez genuen neurrira iristen ari da errelatoen gatazka. Desagertuen kopurua handiena eduki arren, Kanboiaren hurrengo, Justizia Unibertsalaren betekizunean salbuespen buru bilakatu da Espainia. Baina, luzaro gabe, bere oztopo lasterketa  lotsagarria irentsi beharko du. ♦