Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Bezain odolgalduak ez gara

2017-11-17

Hektor Ortega - Kazetaria

Udan irakurri dudan liburu batek umetako gomutak piztu dizkit. Gure sein begiek telebistan ikusi zituzten Sowetoko beltz gazteak matxino, heroi, polizia zuriak bortizki jazartzen zitzaizkiela. 1976. urtea zen.

Orain jakin dut Hegoafrikako gazte haien haserrea zerk piztu zuen. Orduan pentsatu nuen arrazakeriaren aurkako errebolta zela. Bada, bai, baina ez, zapalkuntzak, borreroak legez, milaka aurpegi dituelako. Apartheideko gobernuak afrikaans hizkuntza ezarri nahi izan zien eskola-hizkuntza legez ikasle beltz haiei. Eta hura gehiegi zen. Arrazakeriaren uztarri gordina nahikoa iritzi ez eta haien hizkuntza derrigor jakin beharra erantsi nahi izan zieten.   

Gure artean ezezaguna da Tajna Organizacja Nauczycielska (Isilpeko irakaskuntzarako erakundea, TON) izeneko elkartea. 1939an, Polonia menderatu zutenean, naziek erabaki latzak hartu zituzten poloniarrak hankapean betikotzeko. Lehenengo, unibertsitate eta maila ertaineko hezkuntza debekatu zieten. Bigarrenik, lehen mailako irakaskuntza murriztua baimendu bazuten ere, eskoletatik poloniera erauzi zuten. Hirugarrenik, polonierazko liburuak argitaratzea galarazi zuten. Eraso larriaren aurrean, poloniarren erantzuna TON erakunde sekretua antolatzea izan zen. Etxeetan edo lege barruko elkarteen estalduraz polonierazko eskolak ematen hasi ziren, isilpean. Erresistentziaren atal bat ziren, naziei tiroka aurpegia ematen zietenen burkide. Arrakastaz jardun zuten eta polonierazko hezkuntza Poloniako bazter gehienetara eraman zuten, isilpean.

Naziek poloniarrekin eta Hegoafrikako arrazistek beltzekin hizkuntza arloan jokatu bezala jardun dute, hein batean, frantses eta espainol estatuek euskararekin, gutxienez 1850etik hona: euskara eskola guztietatik aienatu, erdararik ez zekiten herritarrei hizkuntza arrotza inposatu, liburuak plazaratzeko debekuak, unibertsitaterik ez (1980koa da lehenengoa, EHU, eta oraindik ere ez da gai euskarazko irakaskuntza osorik bermatzeko). Poloniarrek eta hegoafrikarrek legez, erantzuna eman izan diogu zanpaketari, herritar euskaldunok eta erdaldunok auzolanean, euskara ikasiz, isilpeko eskola sarea sortuz, argitaletxeak eratuz eta elkarte euskaltzaleak osatuz, besteak beste.

Argazkia: dawny Wokomin

Hizkuntza zapalketarako tresna gisa erabili izan da gutxienez Antonio Nebrijak bere gramatika ospetsua egin zuenetik hona. Harrez gero, hizkuntzaren erabilera ez da nork bere askatasunean egiten duen hautua, zazpi presio, akuilu eta muga ageriko zein ikusezinez hesitako barruti murritza baizik. Hizkuntza, herriak deuseztatzeko lanabes gisa darabiltenez gero, borrokarako esparru bihurtu da, askatu beharreko eremu.

Gaur egun polonieraz ikasten dute Polonian eta TON erakundea omentzen duen monumentua dago Krakow hiriaren erdigunean. Gaur egun jaieguna da (Youth Day) Hegoafrikan ekainaren 16a, matxinada piztu zen egunaren oroigarri, eta gazte beltzek ez dute afrikaans bidezko hezkuntzaren uztarria jasan behar. Gaur egun, Euskal Herrian ez dago gure hizkuntzaren aldeko borrokari gorazarre egiten dion jaiegunik. Ez dago estatu etnizisten erasoetatik euskara babestu duten ekintzaileei eskainitako monumenturik. Eta, batez ere, Euskal Herrian gaur egun ezin dugu euskaraz bizi. Ez dugu eremua askatu. Polonian edo Hegoafrikan ez bezala, oraindik ez dakigu gurean nor nagusituko den, herritar libreen gogoa ala estatu zapaltzaileen indarra. ♦