Euskal Memoriako blogak
1974ko abenduko euskal borroka-egunak
2017-12-15
Daniel Escribano Riera - Espai Fàbrica-ko kidea eta itzultzailea
Erregimen frankistaren aurka Euskal Herrian egindako protestaren mugarri izan ziren 1974ko abenduko mobilizazioak, bai ordura arteko oihartzunik handiena jaso zuten protestak izan zirelako, baita euren izaera antifrankista modu agerian adierazi zutelako ere.
Langile-mugimenduaren ikuspegitik, hitzarmen kolektiboen bidezko soldata-igoerak inflazioaren Espainiako batez besteko zifra ofizialera mugatuak zeuden, 1973ko azaroaren 30ean Ministroen Kontseiluak hala erabakita. Gainera, 1973ko abenduaren 20an Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidentearen aurka ETA V. Asanbladak egindako atentuaren ondoren, moteldu egin ziren langileen mobilizazioak. Hala ere, Gipuzkoako Gobernu Zibilak nabarmenduko zuenez, “gobernu berriak bere jarduera politikoei ekinikoan, zera ikusi da: subertsioaren gorakada orokorra, modu progresiboan, jarraituan eta ia etenik gabe gora egiteari utzi ez diona”.
Urtarrilaren 24an borroka-eguna egin zuten Irunen (Gipuzkoa), Laminaciones de Lesacak Lesakan (Nafarroa) zuen lantegiko langileekiko elkartasunez. Ekainean, Winkler and Dünnebierreko eta Irurako (Gipuzkoa) Talleres Emuako zuzendaritzek lanuzte batzuengatik ezarritako kaleratzeek eta zigorrek greba-mugimendua sortu zuten Tolosan (Gipuzkoa). Hilaren 10etik aurrera, poliziaren errepresioak eta atxiloketek greba orokorrera eraman zuten, eta, hilaren 14an, elkartasuna eta berezko aldarrikapenak uztartzen zituzten lanuzteak egin zituzten Gipuzkoako beste udalerri batzuetan. Hilaren 27an, Francisco Arocena Talleres Emuako gerentearen eta akziodun nagusiaren etxeari sua eman zion ETA V.eko Fronte Militarreko talde batek. Uztailaren 1ean Arocenak berak iragarri zuen enpresako zuzendaritzak berriz hartuko zituela kaleratuak, eta handik gutxira kaleratzeak eginak zituzten gainerako enpresetako zuzendaritzek gauza bera egin zuten. Nafarroan, Authi Automóviles de Turismo Hispano-Ingleses enpresak Landabenen zeukan lantegian ere lanuzteak egin zituzten, maiatzaren amaieran, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa dela-eta. Ekainaren 15erako, greba orokorrera deitu zuten CCOOek Iruñerrian, Authiko langileekin elkartasunez, baina oihartzun mugatua jaso zuen protestak. Uztailaren 2an enpresako epaimaihaikideek zuzendaritzarekin eta Lan Ordezkaritzarekin hitzartutako akordioak amaiera eman zion grebari. Burlatako Venancio Villanueva hesteki-enpresako langileek hiru hilabeteko greba egin zuten, eta soldata-igoerak lortu zituzten.
Pasaiako portualdean eta inguruko udalerrietan lanuzteak egin zituzten langileek 1974ko azaroan.
Abuztuaren 9an soldata-mugak kendu egin zituen Gobernuak, eta horrek greba gehiago ekarriko zituen. Urriaren 9an, Nafarroako CCOOek sektoreen arteko taula prestatu zuten, eta abenduaren 10ean 10.000 langile inguru ari ziren greban. Bizkaian, irailetik azarora bitartean grebak egin zituzten erreferentziazko zenbait lantegitan. Kasu gehienetan, kaleratzerik gabe amaitu ziren gatazkak, eta enpresa batzuetan soldata-igoerak ere lortu zituzten langileek. Gipuzkoan, Pasaiako portualdean eta inguruko udalerrietan lanuzteak egin zituzten azaroan, greban ari ziren eskualdeko langileekiko elkartasunez, eta Errenterian greba orokorra ere egin zuten, hilaren 13an eta 14an.
***
Irailez geroztik, protestak eta gose-grebak egin zituzten zenbait espetxetako preso politikoek. Azaroaren 24an hainbat espetxetako ehundik gora presok ekin zioten gose-grebari, amnistia eskatzeko. Ondoren, ETA (pm)k, LAIAk, Bizkaiko Langile Fronteak eta Gipuzkoako Langile Komiteek, ETA (VI)-LCRren babesarekin, greba orokorrerako deia egin zuten, abenduaren 2rako eta 3rako, Hego Euskal Herri osoan. Cambio 16 legezko astekari demokratikoaren zenbaketaren arabera, 20.000 langilek egin zuten greba Gipuzkoan. Gobernu Zibilaren arabera, Gipuzkoako 117 enpresatan egin zituzten lanuzteak, eta antolatzaileek “masen baitan errotze-maila handia dutela erakusten du horrek”. Deialdiak, ordea, apenas izan zuen atxikimendurik Gipuzkoatik kanpo. Oihartzun askoz handiagoa izango zuen hilaren 11ko borroka-egunak. Ekainaren 16an, CCOOeko Koordinakunde Orokorrak zera adierazi zuen: inflazioaren aurka, soldatak igotzearen alde, eta amnistiaren eta askatasun demokratikoen alde 24 orduko greba orokorra antolatzea proposatu zutela lurralde-ordezkari batzuek. Alabaina, uztailaren 30ean PCEk bultzatutako JDE Espainiako Junta Demokratikoa aurkeztu zen. Talde antifrankista gehienek ondokoa ohartarazi zuten: JDEren bidez, PCEk elite ekonomikoekin adostu nahi zuela erregimena ordeztea, haien klase-interesak arriskuan jarri gabe. ORTk zera salatuko zuen: JDEren aurkezpenaren ostean CCOOeko Koordimakunde Orokorrak, PCEk ere kontrolatzen zuenak, bertan behera utzi zuela greba orokorrerako egitasmoa. Hori dela-eta, azaroan Euskal Herrira mugatutako deialdia hasi zen prestatzen ORT, MCEren babesarekin.
Euskal Herriko CCOOak bereiziak zeuden, egitatez, eta irailean CONE Euskadiko Langile Batzorde Nazionala sortu zen, Bizkaiko Herrialdeko Koordinakundeak, Gipuzkoako Biltzar korronteak, eta Arabako batzorderen batek edo bestek osatuta. PCEren gertukoak ziren denak, Eskuinaldeko batzordeak, Gipuzkoan gehiengoa zuten batzordeak eta Nafarroakoak baztertuta. Hala ere, sortu zenetik, CONE zen Koordinakunde Orokorrak onartutako euskal koordinakunde bakarra.
Donostiako elizbarrutiko Gizarte Idazkaritzaren arabera, borroka-egunerako “zenbait proiektu zeuden, oposizioaren talde antolatu ezberdinei zegozkionak”, baina preso politikoek gose-grebari ekiteak lastertu egin zuen deialdia, eta modu bateratuan egin zuten abenduaren 11rako. Nafarroako Herrialdeko Koordinakundeak eta Gipuzkoakoak egin zuten deialdia, Eskuinaldeko batzordeen zein MCEren, ORTren eta ETA (VI)-LCRren atxikimendua zutela. Errebindikazio-taulak, goraka zihoan inflazioa salatzeaz gainera, erregimenaren oinarrizko zutabeen aurka ere egiten zuen, ondokoa eskatuz: “errepresio-indarrak” eta auzitegi bereziak desegiteko; errepresio frankistaren arduradunak epaitzeko, eta Euskal Herriari zein Espainiako Erresumako estaturik gabeko gainerako nazioei autodeterminazio-eskubidea onartzeko. Borroka-egunaren bezperan, deialdia arbuiatzen zuen agiria plazaratu zuen CONEk PCEren agerkarian.
Poliziaren Bilboko Bulego Nagusiaren barne-dokumentazioaren arabera, honako oihartzun hau jaso zuen protestak: 1602 enpresatako 76.646 langilek egin zuten greba Gipuzkoan (lan-erroldaren heren bat inguruk); 156 enpresatako 32.000k, Bizkaian (% 10ek baino zertxobaitek gora), eta Nafarroako 44 enpresatan lanuzteak egin zituzten. Cambio 16-en arabera, Nafarroan 20.000 langilek egin zuten greba, eta Lizarra erabat gerarazi zuten. Oposizioaren esanetan, aldiz, 100.000 langilek egin zuten bat protestarekin Gipuzkoan, 80.000k Bizkaian, 18.000k Iruñerrian, eta 5000k Nafarroako gainerako eskualdeetan. Arabari dagokionez, Laudioko industriagunean lanuzteak egin zituztela besterik ez zuten jakinarazi. Iturri ofizialen arabera, 76 lagun atxilotu zituzten Bizkaian; oposizioak, aldiz, Hegoalde osoan 400 eta 500 lagun artean atxilotu zituztela jakinarazi zuen. Iturri horien arabera, poliziak sei lagun zauritu zituen borroka-egunean, eta su erreala erabili zuen manifestarien kontra, “gutxienez” Hernanin eta Tolosan.
Grebaren eragina garaiko prentsan, kasu honetan La Gaceta del Norte egunkarian.
Preso politikoen gose-greba abenduaren 11ko borroka-egunetik gutxira amaitu zen. Lan-protestek, aldiz, jarraitu egin zuten leku batzuetan. Tolosan, abenduaren 11ko borroka-egunak ekainean hasitako gatazka berpiztu egin zuen, nazio-eremuan ezarritako lelo orokorrei, aurreko gatazkako aldarrikapenak gehitu baitzizkieten tokiko CCOOek. Abenduaren 12an, eskualdeko erreferentziazko bi enpresak geldirik jarraitzen zuten: Mustadek eta Talleres Emuak. Datozen egunetan enpresa gehiagotara zabaldu zen greba, eta urtarrilean bi greba orokor egin zituzten Tolosan. Gatazkako unerik gordinenean 900 langile kaleratu zeuden, baina, azkenean, kaleraturik gabe bukatu zen auzia. Nafarroan, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 33 enpresatako 8000 langilek jarraitzen zuten greban, abenduaren 12an, eta urtarrilaren 6an, Gobernu Zibilaren barne-dokumentazioaren arabera, 16 enpresatan ari ziren greban, tartean Potasas de Navarra, herrialdeko enpresarik handiena eta jabe Espainiako Industria Institutu Nazionala zuena. Gobernu Zibilaren arabera, “Potasasen gaia erruz jorratu zen Ministroen Kontseiluan”. Gatazkaren blokeo-egoerak greba orokorrera eraman zuen Iruñerrian, hilaren 15ean. Oposizioaren prentsaren arabera, Foru Aldundiak eta Gobernu Zibilak negoziazio-bidea zabaldu zuten, Enpresarien Kontseiluaren bitartez, baina Espainiako Gobernuak itxiarazi zuen. Hori dela-eta, lanerako buelta enpresaz enpresa negoziatuko zen, eta gatazka 250 langile kaleratuta amaitu zen.
***
Ordura arte lan-gatazketan zein mobilizazio antifrankistetan parte hartu gabeak ziren populazio-sektoreak batu zitzaizkion protestari abenduaren 11n. Horrez gain, deialdiak jaso zuen jarraipen zabalak nabarmendu zuen ezker iraultzaileko taldeek indar handia zutela euskal langile-mugimenduan, eta PCEk, aldiz, gero eta eragin txikiagoa. Barne txosten batean, deialdia “arrakastatsua izan zela” aitortu zuen Gipuzkoako Gobernu Zibilak. Borroka-egunaren gainean Cambio 16ek azalean bertan emandako epaia ezin argiagoa izan zen: “Euskal Herria: supergreba”.
Deialdiaren arrakastak CONEn jarduten ez zuten euskal langile-batzordeak koordinakunde bateratu alternatibo bat sortzera bultzatuko zituen: CECO Langileen Batzordeen Euskadiko Koordinakundea, 1975eko apirilean eratua.
Horrez gain, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan nagusi ziren erakundeen estrategia politiko sindikalen arteko arrakala handia zegoela jarri zuen agerian abenduaren 11ko borroka-egunak, eta hurrengo urteetan areagotu egingo zen. Lan-gatazkei buruz Euskal Herriko eta Espainiako zifren artean nolako kontrastea egongo zen adierazgarria da estrategien arteko aldeei dagokienez. Horren lekukorik nabarmenena dugu Estatu eremuan erregimenaren aurkako izaera agerikoko greba orokorrik behin ere ez antolatzea. ●