Euskal Memoriako blogak
Tortura bizi den lurrean
2018-03-05
Hektor Ortega - Kazetaria
Zer esana eman du EHUko ikertalde batek Eusko Jaurlaritzaren aginduz egindako torturaren txostenak, 1960 eta 2014 bitartean Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban 4.113 tortura kasu egiaztatu dituenak. Torturaren aurkakoek lau haizetara zabaldu dute. Epelek arin egin nahi izan dute aurrera, zarata larregi atera barik. Eta negazionistek zalantzan ipini dute, edo estatuaren segurtasun indarren aurkako iraintzat jo dute, edo isil-misilik gelditu dira, oihartzuna berez amatatu arte.
Hika-miken gainetik, txostenak ertz asko ditu, zein baino zein interesgarriagoak. Lehenengo eta bat, ikertzaileen ustea da orain arte identifikatutako 4.113 kasu horiek errealitatearen oso azpitik daudela. Askoz gehiago izan direla torturatuak. Batez ere, zehazten dute, frankismoan, orduko testigantza gutxi jaso dituztelako.
Beste bat, nire ustez, azpimarratzekoa: 1960-2014 bitartean ez dago etenik. 1977an asko jaitsi bide zen torturaren erabilera, baina demokrazia gazteak berehala suspertu zuen. Harrezkero, jaitsiera guztiak puntualak dira, 1977koa bezalakoak, unean uneko su-eten edo meniei lotuta. Inoiz ez da tortura erauzteko ahaleginik gauzatu.
Bada gehiagorik hausnarketa egin nahi duenarentzat. Euskal gotzainek 1984ko otsailean salatu zuten azkenekoz tortura. Urte hartan EAJko Bizkai Buru Batzarrek ere salatu zuen, sistematikoa zela gaineratuz. Azken aldia izan zen. Espainiak 1985eko otsailean sinatu zuen Torturaren Prebentziorako Ituna, Guardia Zibilak Mikel Zabalza torturen bidez hil baino bederatzi hilabete lehenago hain zuzen.
1986an Espainiako Justiziak Angel Mangado zigortu zuen, segurtasun indarrak iraindu zituelakoan. Mangadok torturak salatu zituen. Torturatuak milaka batzuk izan badira ere, 32 pertsonen salaketa baino ez da heldu epaiketara. Jakina denez, kondenatutako agente ia guztiek (49, 21 polizia eta 28 guardia zibil) saihestu dute zigorra. Haietako batzuk ardura handiko karguetan daude orain.
Igor Portu eta Mattin Sarasolaren atxiloketaren ostean protesta ugari egin ziren Euskal Herrian. Irudian, Lesakakoa. Argazkia: Ttipi-Ttapa
Euskal herritarrei emandako tratuagatik Espainia kondenatu dute Torturaren Aurkako Nazio Batuen Batzordeak (1998, 2005 eta 2012), Giza Eskubideen Batzordeak (2009) eta Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegiak (zortzi bider 2002 eta 2018 bitartean). Eta txostenak ez dakarren arren, a ze aldeaTomas Linazaren torturak epaitzeko Guardia Zibilari eta Espainiako Gobernuari aurpegia irmo eman zien 1990eko Bizkaiko Audientziaren eta Sandra Barrenetxearen torturen epaiketa lotsagarria baimendu zuen 2017ko Bizkaiko Audientziaren artean!
Ondorioak ateratzen hasi ezkero, esan liteke tortura dela diktaduraren eta demokraziaren arteko jarraipen ildoetako bat, gobernuek zuzenean emandako aginduei obeditzen jardun dutela torturatzaileek, inpunitatea eta sadismoa nor baino nor gehiago aritu direla euskal herritarren aurka eragile askoren konplizitatearekin...
Jean Pierre Mendiburuk Telesforo Monzonen omenez paratu zituen bertsoetako batek aspaldi ebatzi zuen: tortura bizi den lurrean / da hila justizia. Bada, ez da dudarik: gurean tortura lerden eta indartsu bizi izan da. ♦