Euskal Memoriako blogak
Gipuzkoako historia beste modura
2018-03-12
Beñi Agirre - Nabarraldeko kidea
Konta al daiteke gure herriaren historia orain arte konta izan denaren modu desberdinean? Dirudienez bai, hori frogatu nahi du Gipuzkoako historia nafarra. Euskal Herria osotasunetik liburuak. Egileak dio metodoari buruzko bi ñabardura egin behar direla. Lehenengoa da, ezin dela Gipuzkoaren gaia ikertu bere inguruan dituen euskal probintzietatik bereiziz eta, eremu zabalago batean, Europako Hego-mendebaldeko testuingurutik aparte. Euskal Herria, bere osotasunean, eremu zabalago batean kokatu behar da: Europan.
Metodoari buruzko bigarrena ñabardura da antzinako eta oraingo Gipuzkoako jendeak euskara duela jatorrizko hizkuntza. Gainera, inguruko lurralde administratiboko euskaldunekin partekatzen dute hizkuntzaz gain; kultura, ohiturak, folklorea, herri izaera, sinbologia nazionala eta horiek guztiak jatorria duten izaerako agerkari gehienak. Bi ñabardura horiek adierazten dute argi eta garbi Gipuzkoa beste subjektu historiko eta politiko zabalago baten parte bat dela, osotasunak adierazten duen subjektuaren parte bat alegia, eta hau, oso gutxitan aipatzen da.
Esaten denaz, Euskal Herriari ezagutzen dizkiogun mugak Gaztelaren eta Frantziaren interesen araberakoak dira. Historian zehar liskarrak, gerrak eta inposaketak haiek eragindakoak izan baitira. Ezin da ulertu Euskal Herria Nafarroaren eta euskararen lurralde historiko zabalean kokatu gabe. Bi estatuen debekuen aurrean herri berberaren aitortza egin gabe. Hor kokatzen da geografikoki Gipuzkoa. Historiaren pasarte asko, herri honen kokapen geografikoak baldintzatuak izan dira. Espainiako eta Frantziako, bi erreinu erraldoiek Nafarroaren banaketa hitzartu zutenetik, Gipuzkoak mugako izaera izan du Europako komunikazio bideen testuinguruan. Euskaldunok 1659ko Pirinioetako banaketaren ondoren, herriz herri bereizi gintuzten frantses ala espainolen gudu-lerroetan, salbuespenik gabe.
Banaketaren uhartea XX. mendeko hasieran. Argazkia; San Telmo Museoa.
Euskaldunok, ordea, ez dugu ahantzi oroimen historikoaren garrantzia. Euskara, herri honen oroimenean dago bizirik. Ondarea da, oroimen lekua. Bidasoa ibaiaren erdian dagoen Banaketaren uhartea horren lekuko ere bada. Bertan sinatu baitzuten gaurdaino dirauen bi estatuen arteko banalerroa. Pirinioetako Ituna eta Bakearen Ituna deitu zioten. Sinatzaile indartsuek gaztelaniaz eta frantsesez mintzo ziren, Irungoak zein Hendaiakoak, aitzitik, euskaraz. Pirinioetako Ituna bazen, Pirinioen bi aldetako euskaldunak banatzen baitzituzten, Banaketaren Ituna, beraz dagokio egokiago. Zeren eta Bakearena, noren arteko bakea eta noren kontrako Ituna izan zen hura?
Peio Monteano ikertzaileak dio XVI. mendeko Nafarroa Garaian bi hizkuntza erabiltzen zirela: Euskara, nafar gehienek hitz egiten zuten hizkuntza, baina ia inork idazten ez zuena. Eta erromantzea, hizkuntza hau jende gutxiagok erabiltzen zuen, baina hauxe soilik erabiltzen zuten idazteko. Munduan beti nagusitu izan dira ez hizkuntza indartsuenak, baizik eta indartsuenen hizkuntzak.
Gauza bera gertatzen zaigu euskaldunoi historiarekin. Gu gara gure historiaren subjektu, baina, besteek idazten digute historia. Ez dut esaten idatzi ez genuenik, hainbat pasarte bai bederen, baina, gutxi da guregana iritsi dena. Bestelako subjektua duen historiografia tradizionalak kontatu izan du funtsean euskal herritarren irudia eta eman izan dio errelatoari haien ikuspegiko moldea. Zorionez, hizkuntza eta oroimen historikoa baditugu gure historia eta memoria modu desberdinean berridazteko. ♦