Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Gogoan hartzeko izenak: Iñigo Cabacas Liceranzu

2018-03-19

Joseba Zabalza - Argazkilaria

Bi urte joan dira hil zenetik. Iñigoren aita-amekin geratu naiz Baden-Baden kafetegian, Bilboko erdigunean dagoen establezimendu batean, hil zuten lekutik ez oso urruti. Ikusi eta berehala ezagutu ditut, askotan ikusi baititut telebistan. Irribarre batez hartu naute. Azaldu diet zergatik nagoen han, zergatik egin nahi dizkiedan argazkiak semea hil zuten lekuan, eta ez didate trabarik jarri. «Ez pentsa kostatzen ez zaidanik hara joatea», esan du Manuk. «Dena iraultzen zait. Baina emazteak joan nahi du; on handia egiten dio, eta nik lagundu egin behar diot. Egunero joaten gara, eta ia egunero joaten gara hilerrira ere».

Lehenbiziko aldia da duela oso gutxi heriotza jasan duen familia batekin nagoela. Denbora, guztiz sendatu ez baina mina arintzen duen mediku hori, ia ezgauza behar bezala konpontzeko bihotzaren puska hautsiak, bizitza urratuak, berunezko egunak eta lorik gabeko gauak. 2012ko apirilaren 15eko gau hartan, Manu eta Fina ere hil ziren neurri batean, betiko hil ere.

Egun hartan gertatutako guztiaz hitz egiten dugun bitartean, Manu negarrez hasi da. Ez behin, ez bitan, pena infinitu batek itotzen du bere ahotsa. Nire seme-alabengan pentsatu, eta familia hori bizitzen ari den infernua irudikatu dut. Mutu gelditu naiz, ez baitakit zer esan halako oinaze izugarriaren aurrean. Oier sartu da atetik, Iñigoren lehengusua eta familiaren bozeramailea. Denok gaude dagoeneko. Fina ateratzeko prest dago, eta loreak daramatza eskuan, gertalekura eramateko, egunero bezala. Iritsi garenean, Kirruli elkarteko tabernaria agurtzera irten da; besarkada bat eman die, bi musu, zelan dauden galdetu. Konplizitate polit bat dago.

«Hementxe hil zuten. Nik primeran dakit zenbat sufritu zuen semeak; badakit nolako mina eragin zion inpaktuak. Gau askotan, amets egin dut pilotakada batek jotzen nauela buruan, eta horregatik dakit zer-nolako mina eragin diezazukeen», esan dit Manuk, tristuraz. «Eta hemen hil zuten Kirruli Elkartea hemen dagoelako, Errekaldeko Herriko Taberna. Ez zen gertatu Sabin Etxea dagoen aldean, ez, eta ez da kasualitatea. Semearen heriotzak osagai politiko garbia du. Hemen ez zen deus gertatzen ari ertzainak iritsi zirenean; lekuko askok esan zuten hori. Tabernan sartzea zuten helburu, hustea, jendea jotzea. Baina ez edonor jotzea, baizik eta han zegoen jendea jotzea, ideologia jakin bateko jendea. Zaurituta zegoela Iñigori lagundu zion bikoteari zera esan zioten polizia-etxera joan zirenean salaketa bat jartzera: Herriko Tabernan egoteagatik gertatu zitzaiola hura. Sei hilabete ziren ETAk iragarri zuenetik jarduera armatua bertan behera uzten zuela. Garai berri bat zen, baina, ikusi genuenez, ez denentzat».

Loreak utzi, eta familiaren etxera abiatu gara, oinez. Erakutsi didate non zegoen orduan ogibide zuten taberna. Gertatutakoaren ondoren, negozioa eramaten jarraitzeko indarrik gabe geratu zen Manu, eta saldu egin zuen. Pituk lagundu egiten zion futbola zegoen egunetan, San Mamesera bidean zihoazen zalez betetzen baitzen ingurua. Ezagun batekin hizketan egiteko gelditu da. «Uste dut pertsona batzuek ez dakitela zer esan ere; uste dut larritu egiten direla pixka bat», esan dit.

Etxean sartu gara. Argazki-albumen bila joan da Fina. Ni Iñigoren logelara noa, Manurekin. Aldare bat da, etxe guztia bezala, eta argazkiz beterik dago. Athleticeko jokalariek sinatutako baloi bat, bufandak, elastikoak. Gela zuri-gorri bat da, eta Iñigoren argazkiz apainduta daude hormak. «Etorri, zerbait erakutsiko dizut», esan dit Manuk. «Ikusten duzu leiho hori? Iñigo hil zen egunean bertan agertu zen txoritxo hori hor, hilda. Horratx, zintzilik. Txori horrek semea irudikatzen du, nolabait».

«Ez nuen adorerik izan amari esateko Iñigo hila zutela. Bost egun geroago esan nion. Esan, eta biharamunean hil zen. Uste dut penak eraman zuela», jarraitu du Manuk. «Gertatutakoa ikusita, dena nazkagarria iruditzen zaizu. Futbolean dagoen indarkeria malapartatua, nolako garrantzia ematen zaion. Egia esan behar badizut, Athleticez ere nazkatu nintzen azkenean».

Fina eta Manu, Iñigoren gurasoak. Argazkia: Joseba Zabalza

Argazki-albumak ateratzen hasi da Fina: Pitu furgonetan, oporretan; gurasoekin jolasean, haurra zela; elurretan, eskiatzen; Athletic maitatuaren elastikoa jantzita; trajez jantzita, tximeleta-begizta eta guzti. Maitasun handia darie argazkiei. Negarrez hasteko zorian nago. Finak zera galdetu dit orduan: «Entzun al duzu Jareren “Zu, lagun” kantua? Iñigori eskainia da. Oso ederra da». Fina kantua abesten hasi da, buruz baitaki. Harentzat, bizigarria da semearengana hurbiltzen duen oro.

«Erakundeak oso txarto portatu dira, salbuespen gutxi batzuk kenduta, politikariak bezalaxe. Esan nezake haietako batzuek mespretxuz ere tratatu gintuztela. Haien artean, Azkuna, “munduko alkaterik onena”. Heriotza gertatu zen lekuari Iñigoren izena jartzeko eskatu genion, plaka huts bat jarri beharrean, eta ezezkoa eman zigun. Erantzuna entzunda, galdetu nion ea zergatik Guggenheim parean hil zuten ertzainak bere plaza izan zezakeen eta semeak, ordea, ez». «Hildako guztiak ez dira berdinak; oso garbi dago», gehitu du Manuk, irmotasunez.

Ia dena jakina da heriotzaz eta inguruabarrez. Gertalekuan ez zegoen inolako istilurik, ez kaputxadunik, ez barrikadarik. Athleticen garaipena ospatzen ari ziren zaleak bakarrik. Ugartekoren grabazioek («Sartu etxartean, dugun guztia erabiliz»; «Garbitu eremua eta sartu Herrikon») 1976an Gasteizen edo 1978an sanferminetan egindako grabazio polizialak ekarri zizkigun gogora urte batzuk ditugunoi. «Berdin da inor hiltzen baduzue ere» esan balute, berdin-berdinak ziratekeen. Kalean operazioburu ari zen poliziak ere esan zuen han ez zela ezer gertatzen ari, baina alferrik izan zen. Lekuko guztiak ere bat datoz esatean Ertzaintzak jo egin zituela zaurituari laguntzen saiatu ziren lagunak eta pertsonak, baita laguntza eskatzeko telefonoz deitzen ari ziren pertsonak ere; eta are okerrago: bertaratutako osasun-langileak ere kexu agertu ziren uniformedunek sarbidea galarazi zielako.

«Behin baino gehiagotan eskatu diegu egun hartan etxartean egon ziren ertzainei ausartak izateko eta esateko nork egin zion tiro gure semeari, baina isiltasuna besterik ez dugu topatu», esan digu Finak. «Argi dago hortik ez dugula ezer argituko. Ez zen batailoi bat; ertzain gutxi batzuk ziren, eta primeran dakite nork hil zuen Iñigo. Laguntzen ez badute, erruduna estaltzen ari dira, eta hori delitua da».

Ertzaintzak eta buruek ez dute batere lagundu egia argitzen, eta agerikoa da gurasoen babesgabetasuna. Rodolfo Aresek hitzemandako ikerketa sakon eta zorrotza ez zen inoiz gauzatu. Familia eginbidetan galduta dabil, eta kalezulo itsu batean amaitzen dira behin eta berriro bere ahalegin guztiak.

Agur esan, eta metro-geltokiraino lagundu dit Oierrek. Iñigoz hitz egiten jarraitu dugu. «Manu eta Fina etengabe ahalegindu dira arrazoi konplexuago bat bilatzen, Iñigo Herriko batean egoteagatik hil zelako argudio hutsetik harago. Baina horixe izan zen zergati bakarra; ez dago zertan bilatu beste arrazoirik. Hari tokatu zitzaion, baina haren ondoan zegoen beste edozeini gerta zekiokeen. Badakite gehiengo sozialak uste duela Piturena eskandalu bat izan zela, krimen bat izan zela, eta argi eta garbi ari zaie geratzen badagoela interes polizial handi bat inor epaitu eta zigortu ez dadin. Baina aitorpen ofizial bat behar dute, paper bat, krimena jasota geldi dadin, nahiz eta agiri horrek ez dien Iñigo itzuliko. Nolabait, justizia behar dute heriotza hain mingarria izan ez dadin». ♦

OHARRA: "Gogoan hartzeko izenak" liburutik hartuta.