Euskal Memoriako blogak
Memoria eta errelatoen norgehiagoka
2018-05-18
Juan Mari Zulaika - Goldatu
Ugaritzen doaz Frankismoaren Biktimekiko Oroimenaren gertakari eta ospakizunak: kolunbarioak, deshobiratzeak, oroitarriak, erakusketak eta abar. Memoria ezin hobeto dioala, esateko moduan. Baina, sarritan atonia politikoaz kutsaturik, egi osoa eta benetako justizia ez aldarrikatzean, erakundeen ospakizun horiek Memoriaren folklore hutsean gelditzen dira.
Adibidez, apirileko 29an Gernikako ospaketan, frankisten bonbardaketen biktima izaniko hirien alkateak anai bezala elkartzean, Hiroshima, Granollers eta Gernika, nuklear leherketatik bizirik gertaturiko zuhaitza landatuz, gudariei oroitarria eraikiaz batera, ekintza ederra eta sinbolikoki garrantzitsua izan da, Lehendakariari okasio historikoa zekarkiona Espainiar Estatuari bonbardaketen autoretza behingoz aitortu eta kondena ditzatela agintzeko.
Alemaniak barkapena eskatua du, baina Estatu espainiarrak eta italiarrak ez dituzte kondenatu, ez da ere aitortu. Halere, Urkullu jauna orokortasun politak baina hutsak esatera mugatu zen, “bakea, elkarbizitza, posibleak ditugu” eta antzekoak, baina ez zituen aldarrikatu zain dauzkagun aitortza eta justizia. Beste behin okasio historikoa galdu zuen. Eskerrak ez ziola EH-Bilduri ekin “injustua izan zen” leloarekin, Memoria Egunean, tortura gune ezaguna den Indautxuko Komisariatik gertuan bezala.
Sumindu nau, baita, senide desagertuen gorpuak eskura ahal izateko Valle de los Caidos-ko ateak irekitzeko ordenaren inguruan antzeztu den propagandak. Adiskidetze itxurak egitera beharturik, bi bando aurkarien senideak elkartu behar izan dituzte prospekzio lanetarako baimena emateko? Adiskidetze lelo gezurti hori Franco berak asmatu zuen hilobi eraikin makabroaren helburutzat, non jasotzen dituen oraindio bere izeneko Fundazioak antolaturiko omenaldiak. Hamarkadatako Inpunitatearen ondoren, iraina irainaren gain botatzea da hau. Valle de los Caidos-ekin egin behar dena da justizia eta omena eskaini bidegabekeri larrienaz hil eta lapurturik lurperaturik dituen 35.000 biktimei.
2017ko Memoria Egunaren ekitaldia.
Memoriaren prozesua aurrera doan heinean, atxikimenduak sortuaz, Estatua dena blokeatzen ari da, Maria Serviniren bisitatik hasi eta Epaitegietako aurkezpenen ordenak, 1977ko Amnistia Legea aitzakiatzat harturik. Horregatik ezinbestekoa dugu Legea aldatzea, ez dezan suposatu Frankismoaren krimenentzako azken puntua edo inpunitatea. Alderdi batzuk horretarako Kongresuan proposatu dituzten lege-eskariak hain izan dira tentelas eta alderdikoiak, ze ezetan gelditu dira. Euskal Biltzarrean ere ikusi ditugu PP eta PNV kontra eta PSE-EE abstenituz, Epaitegi frankisten sententziak ezabatzeko eskariaren aurrean. Ugari dira alderdien axolagabekeri edo alderdikeriak.
Gatozen ETAren disoluzio ekintzara eta egungo aitorpenetara. Nabarmen atentzioa deitzen du frankismoari buruzko aipamen txikienik ere inork ez egitea. Zalantzarik gabe, eragin handia izan du, noski, Patxiz gero, Jaurlaritzak 1960 urtea, Eta sortu zenekoa, hautatu izana bortizkeriaren hastapena lez, altxamendua eta diktadura frankisten lehen 20 urteak barkatuaz. Hau ez da ustekabekoa, frankismoa ezkutatzeko ahalegina baizik. Aldi berean ezkutatu nahi da frankismoa borrokatzeko sortu zela ETA; ez zuela gainera gaizki jokatu, Burgosako Epaiaren gertakariek argi adierazten duten bezala. ETAren historiatik frankismoa ateratzea manipulazio hutsa da. ETA ez zen sortu ezerezetik, baizik Francoren Diktaduratik eta garaiko alderdien inoperantziatik. ETA desagertuarren, ezerk ez du garantizatzen Espainian bakea izango dugunik. Altsasukoen epaiketa Epaitegi Nazionalean eta Kataluniako errepresio egoera gordinak bestela apuntatzen dute.
Errelatoen borroka bizian gaude sartuta. Alderdi eta bere hedabideei atsegin zaie, EH Bilduri etxeko lanak jartzea, beren erantzukizunak ahaztuaz. Ze esan lezake PSE-EEk, beregandu bazituen ETA poli-mili odol izurtzaile izaniko alderdiaren siglak, EE? Rafael Vera eta X jaun ezagunarekin sortu baitzuen GALen guda zikina? EAJk ere badu bere errelatoa, baina ez da baterez etikoa, ezta bidezkoa Lehendakariak bere karguaren bentajak aprobetxatuz, inposatu nahi izatea. Erantzukizunegatik EH Bildu astintzen duen gogoarekin astinduko balu PPa… Zer esan PPgatik? Ondo eskertuta dago bere patroi naturala den frankismoa baztertzen zaiolako. Memoriari giltza bota dio eta Katalunian errepresioari bide berriak ireki konstituziotik jasotako 155 legea bide duelarik. Etorriko al dira demokraziaren bolara hobeak, non aztertu beharko ditugun lehengo eta eguneko bidegabekeriak. ♦