Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Faxistak Bilbora sartu ziren

2018-06-15

Oiane Valero - Historialaria

Al gudari que murió, tres veces en Artxanda, le canto sin rimas y perdido;

Hace 25 años que descansas en la cima del olvido...

Nieblas azules y blancas, olas bravas en los ríos, silencio profundo -Gernika- hay muertos en los [caminos.

Cuando pisaron la tela, con sus botas alemanas, de Bilbao surgió un quejido

-los toros en la plaza llenaban el aire de gritos

la sangre de los charcos, fue espejo de los niños...

Y en la ermita de San Roque murió gritando: Euzkadi!! un atrevido.              

                                                                                                                             Txabi Etxebarrieta, 1962            

 

Ekainaren 19an 81 urte beteko dira faxistak Bilboko kaleetara sartu zirenetik. 81 urteren ondoren, oso presente izan behar ditugun gertakari haiek gogoratzeko ariketa bat egin dugu; Txabi Etxebarrieta Memoria Elkartearen baitan, alde zaharrean zehar ibilbide historiko bat antolatu dugu faxistak sartu zireneko egun haiek gogoan izateko eta gazteei gure hurbileko historia helarazteko eta ezagutzera emateko. 

1937ko udaberrira egingo dugu atzera. Gerrak markaturiko negu gogor baten ostean, eguraldiak hoberantz egin zuenean, faxistek Bizkaiaren kontrako erasoaldia hasi zuten. Molaren abiazioak euskal lurraldeetako herri eta txokoak behin eta berriz bonbardatzeari ekin zion. Bilbok bizi-bizian pairatuko zituen etengabeko bonbardaketak eta apiriletik aurrera, bilbotarrek egunero entzun behar izan zituzten abioietatik babesteko prestatuak ziren sirena hotsak. Sirena horien soinuek garaiko pertsonen burmuinetan txertatuta geratuko ziren betirako.  Zerutik sua dator, pentsatuko zuten umeek babeslekuetara korrika batean joaten ziren bitartean, egoeraren larritasunaz gehiegi ohartu gabe, gerra hura umeen joko bat bailitzan. 

Ekainaren lehenengo egunetan frankistek Bilboko Defentsarako Hesia apurtzea lortu zuten eta lau egunen bueltan, Bizkaiko hiriburua inguratzen zeuden. Gudaren azken astea oso latza izan zen. Molak lau brigada bildu zituen Bilbori azken kolpea emateko asmoz. Eusko Jaurlaritza Bilbotik Turtziozera ebakuatzea erabaki zuten Agirre lehendakariak Radio Bilbaotik Bilbo gogor eta tinko defendatzeko deia botatzen zuen bitartean. Agindu horiei jarraituz, milaka gudarik eta milizianok Artxandan egin zieten aurre faxistei. Bilbo defendatzeko aurrez aurreko gogorrenak bertan eman ziren, bilbotarrek eta Bilbon errefuxiatuak zeuden milaka andre eta gizonek borrokaldiaren zalapartak lehenengo pertsonan entzuten zituzten bitartean.

Egoeraren larritasunak ohartuz, jende andanak hartu zuen Santanderrerako bidea, Francoren abiazioak hauek bonbardatzen zituen bitartean. Familia askok haien seme-alabak erbestera bidaltzearen erabaki gogorra hartu zuten; beste batzuk ordea, elkarrekin etorkizunari aurre egitea erabaki zuten. Premiazkoak ziren gauzak hartu eta alde egin. Hori izan zen euskaldun askoren patua, erbestea. Geratzea erabaki zutenena ere ez zen hobea izan, heriotza edo espetxea.

Molaren armada Bizkaiko hiriburura Atxuritik sartzen.  

Ekainaren 18ko gau hartan atsekabea zen nagusi. Guda galdua zegoen eta alde zaharrean geratzen ziren auzokideek ordu gutxitan frankoren tropak Atxuritik sartzen ikusiko zituzten. Bilbora sartu eta jarraian udaletxera abiatu ziren haien ereserkiak bozgorailuetatik erreproduzitzen zituzten bitartean bandera faxista balkoitik eskegiz.

Gerra bukatua zegoen eta egun batetik bestera garaileek mendekua martxan jarriko zuten. Inork ezin zuen imajinatu ondorengo urte luzeetan jasango zuten errepresio krudela: erailketak, torturak, euskalduntasunaren ukazioa, andreen erabateko zapalkuntza, beldurra, ideologia eta espainiar kultura bakarraren nahi eta nahizko ezarpena ... Beste behin ere faxismoa eta patriarkatua biolentziaz inposatu zizkiguten, gure historian zehar beste hainbatetan inposatu diguten bezala.

Frankismoaren lehenengo urteetako euskal andre eta gizonek jasango zuten atal errepresiborik gogorrenak. Baina 50. hamarkadatik aurrera, gerra zuzenean ezagutu ez zuen belaunaldi berri baten jaiotza ikusiko dugu. Herria etsipenetik atera eta faxismoari aurre egiteko antolatzen jakingo duen belaunaldia izango da hau, aurrekoei lekukoa hartu eta guregana ekartzen jakin dutenak, guk ondorengoengana eramaten jakingo dugun moduan.

Gure aurrekoak ahanzturatik ateratzea eta herri honen memoria kolektiboa berreskuratzea ezinbestekoa delako, has gaitezen gure memoria, herriaren memoria, herrian txertatzen. ♦