Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

German Rodriguez Saiz

2018-07-10

Joseba Zabalza - Argazkilaria

1978ko uztailaren 8an, sanfermin ospetsuetan inoiz gertatutako erasorik basatienaren lekuko izan zen Iruñea; aurretik antolatua zegoen, gainera. Zezenketa bukatutakoan, Polizia plazan sartu, eta gomazko pilotak eta ke-potoak botatzen hasi ziren han bildutakoen kontra, baita, segituan, balak ere. Istiluak hasi eta handik ordu eta erdira, gutxi gorabehera, German Rodriguez Saiz, 23 urtekoa, larri zauritu zen, Polizia Nazionalak botatako bala batekin. Hildako bakarra izan zen, baina askoz gehiago ere izan zitezkeen.

Fermin Rodriguezek, anaiak, gogoan du nola jakin zuen zerbait gertatua zela. «Barraka politikoetan txanda egin ondoren iritsi nintzen. EMKko militantea nintzen orduan, eta, etxera iritsita, amak ospitalera joateko esan zidan, anaia zauritua zegoela. Aitak pentsatu zuen pilotakadaren bat izanen zela, baina bertaratu eta zaurituen zerrenda irakurrita ohartu nintzen askoz larriagoa zela kontua. Zera jartzen zuen: “German Rodríguez, bala-zauria buruan”. Laster, ziztu bizian igotzeko esan zidan ezagun batek, anaia oso gaizki zegoela. Pixkana, gurasoak eta anaiak agertu ziren, eta anaia nagusia, medikua baitzen, German suspertzen saiatu zen, zainketa intentsiboko unitatekoekin batera. Ezinezkoa izan zen, ordea. Ordu bata eta erdietan hil zen, hor nonbait, eta lur jota atera ginen denok handik».

Etxerako bidea ere ez zen erraza suertatu. «Autoa aparkatu, eta familiaren etxera joan nintzen, Garcia Castañon kalera. Sarasate pasealekua poliziaz mukuru zegoen, eta ez zegoen pasatzerik; hortaz, kale paralelo batetik jo, eta autoen artetik gordeka iritsi nintzen etxera. Gurasoak pasatzen ikusi nituen, baina haiek ez zuten izan autotik jaisteko aukerarik ere, eta lagun baten etxean lo egin behar izan zuten. Balak disparatzen ari ziren; badakit fusil baten soinua bereizten soldadutzan ikasi nuelako, eta, gainera, noizbehinka bala trazatzaileen lorratz argitsua ikusten nuen. Principe de Viana zinemen ataripean egon nintzen tarte batez esperoan, harik eta, barealdi batean, atarian sartzeko aukera izan nuen arte. Bakarrik egon nintzen etxean gau hartan».

«Hura gertatu ondoren, sei hilabeteren buruan galdu genuen aita. Gaixorik zegoen, baina kontu hark azkena eman zion. Horregatik guztiagatik, beti uzkurra izan naiz gaiaz hitz egiteko orduan, urteak igarota ere oso mingarria izaten jarraitzen duelako. Hori dela eta, garai batean ez nuen omenaldian parte hartzen. Amari ere ez zitzaion sobera gustatzen hura gogora ekartzea; biziki mingarria zen guretzat. Baina mugitu beharra dago, eta gertatu zena ezagutzera eman».

Mirenek, Germanen neska-lagunak, gogora ekarri du hil aurreko arratsaldea. «Kafe bat hartzeko geratuak ginen. Ez zuen zezenketara joateko asmorik egun hartan, baina, anfitrioi ona zenez, lagun gipuzkoar batzuekin joan zen plazara. Orduan, azkenean, arratsalde hartan ez ginen elkartu. Gero, gauean, halako susmo txarra izan nuen. Sentitu nuen zerbait gaiztoa gertatua zitzaiola lagunen bati, hurbileko norbaiti. Iruñea gatazka betean zegoenez, aitak ez zidan ateratzen utzi; azkenean, lo geratu nintzen, kanpoan oihuak eta tiro-hotsak aditzen nituela». Biharamunean, 08:00ak aldera, aita zezelka etorri zitzaion, eta berak bukatu zuen esaldia: «Maitea, atzo...». «Atzo German hil zuten», gehitu zuen Mirenek.

Miren Egaña Descarga, German Rodriguez Saizen neska-laguna, hura 1978ko sanferminetako gertaera odoltsuetan hil zuten lekuan.

Hona hemen erasoaren balantzea: German hiltzeaz gainera, hamar lagun balaz zauritu zituzten, haietako batzuk oso larri, eta beste 170 pertsonak arreta behar izan zuten pilotakadak jasotzeagatik, kea arnasteagatik, kolpeengatik, hezur-hausturengatik edo antsietate-krisiengatik. Dudarik ez da zauritu askok ez zutela arretarik jaso. Horretaz guztiaz gainera, Joseba Barandiaran Urkola hil zuten Donostian, uztailaren 12an egin zen protesta-jardunaldian, eta, egun bat geroago, Errenteriako eraso ospetsua gertatu zen, zeinean Polizia Armatuaren erreserbako konpainia batek, Miranda de Ebrotik etorrita, sekulako txikizioak eragin baitzituen herrian: dendetan lapurtu, altzari publikoak suntsitu eta kalean zegoen jende urriaren aurka kolpeka oldartu, besteak beste. Nahasmendu handia; erabateko inpunitateak eragina, dudarik gabe. Gertatutakoa gertatuta, Iruñean hazi ginenok beldurrez bizi ginen, berriz ere antzeko zerbait gertatuko ote zen. Urte askoan, festen aurretik ahoz aho ibiltzen zen beti Poliziak zerbait egingo zuela berriz ere. Beti izaten ziren zurrumurruak tartean, bai laurogeiko hamarkadan, bai, are, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran. Germanen familiak luzaroan jaso zituen mehatxu egiteko eta beldurtzeko deiak. «German erail eta gero, mehatxuak eta irainak jaso genituen, eta gauza bera hurrengo sanferminetan. Zenbait urte iraun zuen horrek», gogoratzen du Ferminek.

German militante gaitua zen. LKIko buruzagia zen, eta 1972an atxilotu eta torturatu zuten, ETA VI erakunde politikoko militantea zela. Ordena Publikoaren Epaitegian epaitu zuten (TOP), baita kondenatu ere, «legez kontrako elkarte batean laguntzeagatik». Bi urte eman zituen Iruñeko espetxean, harik eta, askatu baino hiru hilabete lehenago, Carabanchelera eraman zuten arte.

Fermin hunkitu egiten da anaiaz hitz egitean. «Argia zen, oso azkarra, militante ona, eta politikoki ere aparta; galdetu edozeini, eta halaxe esanen dizu. Akordeoia, gitarra eta pianoa jotzen zuen, behin ere eskola bat jaso gabe ere; autodidakta zen. Bikain aritzen zen euskaraz, eta eskolak ere eman zituen. Ez dakit zehazki non ikasi zuen, baina bazekien euskaraz. Mendira joatea ere hagitz gustukoa zuen. Hil zenean, administrari ari zen Arkitektoen Elkargoarentzat. Topografo ere aritu zen aldi batez, etxean dagoen argazkiren batean teodolitoarekin agertzen baita».

Peñen Batzordeak oso txosten mardula egin zuen gertaera haren argazkiak eta lekukotasunak bilduta. Txosten horren arabera, «Poliziak honako hauek guztiak erabili zituen: 5.000 gomazko pilotatik gora, 1.000 ke-poto eta beste hainbeste negar-eragile, bederatzi milimetro parabellumeko 100 jaurtigai inguru eta bederatzi milimetro motzeko beste 50». Herri honen gogoan betiko geldituko da Poliziaren frekuentzian sartu zen irrati amateur batek grabatutako hitzok: «...Vulcano 2, eman buelta osoa plazari. Prestatu bokatxa guztiak, eta dena emanda tiro egin! Albait indartsuen. Berdin da inor hiltzen baduzue ere. Aurrera. Txanda».

Duela urte batzuetatik, Germanentzat eta gainerako zaurituentzat sekula iritsi ez den justizia bat eskatzen jarraitzen dute Germanen lagun eta ahaideek, Sanfermines 78 Gogoan ekimenaren barnean antolatuta. Honelaxe zioen pankarta ospetsu batek: «78ko sanferminak. German ez beste guztiak absolbituta». ♦

OHARRA: "Gogoan hartzeko izenak" liburutik hartuta.