Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Sagar ustelak

2018-09-28

Aritz Sorzabal - Kazetaria

Sagar ustelez beteta dago gizartea, polizia indarren saskia ere, izan berde, urdin ala gorri. Bada, sagar horietako bat oso presente dugu berriro, hil zuteneko 50. urtemuga bete den honetan. Ez zuen uniformeren beharrik bere eginbeharra betetzeko, soinean eraman ohi zuen gabardina zuriarekin nahikoa zuen. Ez, ez naiz mamu batetaz ari, mamuak ez baitira existitzen; torturatzaileak, ordea, bai, existitzen dira. Betidanik existitu dira. Munduko ofiziorik zaharrena dela diote batzuek, etiketa hori jarri ohi dioten prostituzioaren pareko. Bada, lerro hauetara ekarri dudan pertsonaiak, Meliton Manzanasek, urteak eman zituen torturatzaile lanetan. Naziak irakasle izan zituela diote, baina torturatzailea, egin ez ezik, jaio ere egiten da. Hipokritak bezala.

Ustelak ustel, sagar honi goi mailako labela jarri zion Madrilgo Gobernuak 2001. urtean, Espainiako Merezimendu Zibilaren Dominarekin saritu eta gero. Aznarren garaiak ziren. Alderdi politiko askok eskandalutzat jo zuten izendapena, eta eskandalua bazen, baina baita urte horietan eta hamarkada luzeetan eguneroko ogi bilakatu diren tortura kasuak ere. Adibide esanguratsu batzuk jartzearren, 2001. urtekoa da, hain zuzen ere, Unai Romano gasteiztarraren irudia, aurpegia guztiz puztuta eta desitxuratua, Guardia Zibilaren eskuetan bost egunez inkomunikatuta egon eta gero. Iratxe Sorzabal irundarraren gorputz urratuaren argazkia ere urte horretakoa da, hilabete batzuk geroago Torturaren Aurkako Taldearen urteko txostenaren azala irudikatuko zuena, elektrodoen arrastoa agerian utziz. Errealitate horren aurrean, baina, isiltasuna nagusi da oraindik, Madrilgo Gobernuak erabakitako sari eta indultoak salatzen ibiltzea ez baita ahotsa altxatzea, isiltasunean sakontzea baizik, ero inkontrolatu batzuen kontua besterik ez dela sinestarazteko.

Gobernu guztiek, denek, erabili dute tortura sistematikoki, diktaduran zein (sasi) demokrazian. Hala dio, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak gaiari buruz enkargatutako txostenak; 1960 eta 2014 urte bitartean 4.113 tortura kasu jaso dituen azterketak, alegia. Horixe, ero inkontrolatu batzuen kontua, besterik ez.