Euskal Memoriako blogak
Santutxuko bazterrek andre aurpegia dute
2018-10-26
Oiane Valero - Historialaria
Historian zehar andreenganako zapalkuntza iraunkorra eta etengabekoa izan da garaiz garai. Formak aldatzen diren arren, errepresioa momentu historikora egokitzen den arren, andreen kontrako zapalkuntzaren ildoa eta, erantzun gisa, hauek garatuko dituzten erresistentzia estrategiek gaur egun arte iraun dutela esan dezakegu. Bilboko Santutxu auzoaren bazterrak guzti honen lekuko paregabeak dira eta begiratzen dugun tokira begiratuta, andreen bizimoduaren eta borroken aztarnak topatzen ditugu.
Solokoetxen Casa Galera izan zenekoarekin egiten dugu topo. Erdi Aroan andreentzako sortu ziren lehen kartzelak izan ziren hauek. Ezarritako bidetik ateratzen ziren andreak espetxeratzeko lekuak, teorian, laguntza zerbitzuak eskaintzeko sortuak baina praktikan, espetxe funtzioa betetzen zutenak. Bertatik hainbat eta hainbat andre atxilotu igaro ziren, hauetariko bakoitzak bere istorio pertsonal latz eta gogorra atzean zuela.
Solokoetxen bertan kokatu zituzten baita Maternidad eta Casa expósitos eraikinak. Ezkontzatik kanpo seme-alabak izan zituzten andreak ezkutuan erditzeko tokia izan zen lehenengoa. Bertan emango zituzten hainbat andrek haurdunaldiaren hilabete haiek, lotsa eta marjinazioa suposatu zezakeen egoera hori eraikina inguratzen zuten harresi eta zuhaitzen atzean ezkutatuz. Erditu ostean, askok egoera sozio ekonomiko penagarria zela eta seme-alaben biziraupena bermatu ezinean, ume jaioberria Expositos delakoan zegoen tornuan uzten zuten eta askok ere, beste aukerarik ez zutela, bertan geratuko ziren lan egiten eta bizitzen.
Oso metro gutxira kokatu zuten espetxe probintziala ere, Larrinagako espetxea hain zuzen. Gizonentzako espetxea izan zen baina 1937an, faxistek boterea eskuratu eta ondorengo hilabeteetan, hainbat andre ere igaro ziren espetxearen 4. galeriatik, 1937ko abenduan auzoan bertan zegoen Orue txaleta andreentzako espetxe gisa erabiltzen hasi ziren arte.
Maternidad eta Casa Expositos.
Kartzela hauetatik igaro ziren Juanita Mir kazetari bilbotarra edota Feliciana Etxabe andre zeberioztarra, biak fusilatuak izango zirenak. Jakin badakigu ez zirela andre fusilatu bakarrak izan, baina betiko hutsunea topatzen dugu; dokumentuetan, espedienteetan, zerrendetan, andreei buruz jasotzen diren datuak eskasak direlako benetan. Izan ere, ez da erraza urte ilun hauetako gertakarien nondik norakoak aztertzea, are gutxiago, andreei buruz ari bagara.
Karmelo komentuaren alboan zegoen Orue txaleta 1937tik 1942ra erabili zuten espetxe gisa eta urte haietan bertatik igaro ziren andreak asko izan ziren (1940ko erroldan 476 preso zeuden, umeak barne), jatorri eta ideologia ezberdinetakoak: euskaldunak eta estatu espainoletik ekarri zituztenak; abertzaleak, errepublikarrak, sozialistak edo anarkistak; agureak, andre helduak eta neskatxa gazteak ...
Bertatik igaro ziren senitarte berdineko hiru belaunaldi, Maria Alvarez ama, eta Emilia eta Elisa Campos Alvarez honen alabak. "Llevaron a Orue a las tres: a mi madre, mi tía y mi abuela, pero a mi abuela soltaron al de pocos días, igual porque no sabía ni leer ni escribir y esto les dejó tranquilos" kontatu zigun Rosak, Emiliaren alabak.
Victoria María Zarate ere Oruen igarotako urteak eta atxilotua izan zeneko torturek bere bizitza biziki markatu zutela helarazi zigun bere iloba Carmenek. "Les pusieron planchas en las piernas y las quemaron. Les salía la sangre por los poros...".
Bertara eraman zuten Raimunda Sautua igorreztarra ere, haren alabarekin. Bere delitua, alabari izen euskalduna jartzea: Miren Nekane. Eta zigorraren helburua? Eskarmetua. "Como estos acto antiespañoles (...) merecen ser sancionados con rigor para que sirva de ejemplar escarmiento".
Orue txaleta, atzekaldetik.
Raimundaren senarra ere Santutxun kartzelaratu zuten, Tabakalera espetxean. Gerra aurretik tabako fabrika izan zen eraikin hartan, ehunaka andrek egin zuten lan faxistek boterea eskuratu eta espetxe gisa erabiltzen hasi ziren arte. Esan beharrik ez dago andre haien lan baldintzak gizonezkoek zituztenak baino gogorragoak zirela eta lan karga eta ardura familiarrak, handiagoak.
Iturribide kalean zegoen Cotorruelo fabrikan ere lan esku femeninoa erabili zuten hein handi batean. 1937ko udaberri latz hartan, faxistek bonba bat bota zuten bertan zeuden langileen bizitzarekin bukatuz. Andrazkoak ziren gehienak.
Lana, esfortzua, sufrimendua, errepresioa, borroka, duintasuna, memoria. Argi dugu: gure herri zein hiriko kale eta eraikinek andre aurpegia ere badute. ♦