Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Kirolatik ere Euskal Herriko memoria eraiki?

2021-01-12

Xabier Fernandez, kazetaria

Ukaezina da memoriaren garrantzia eta oroimenik gabeko memoriarik ez dago. Gertaeren oroitzapenak herri baten bizitzan duen garrantzia arlo guztietan aurki daiteke, baita kirolean ere. Izan ere, kirolak eta sinboloek eragin zuzena dute nazio izaera gorpuzteko prozesuan eta triangelu interesgarri bat osatzen da.

Kirolari esker, edota kirolaren bitartez, nazio nortasuna ere eraikitzen da. Kirolak portaera bateratuak izateko guneak sortzen ditu. Norberak kirol erakunde baten partaidea denean askatasunez jardungo du eta, era berean, mugak izango ditu. Bizikidetzako arauak errespetatzen hezitzen da, galera eta zoritxarra onartzen dira, hezkuntza bereganatzen da eta ahalmenak indartzen dira arrakasta bihurtzeko asmoz. Ildo beretik, nazio bat ordezkatzen duen kirolaria nazio baten sistemaren ordezkaria da eta bere nazioaren elastikoa eramateaz harro dago. Parte hartzen du eta, halaber, beste batzuk norabide beretik segi dezaten pizgarria da. Hala eta guztiz ere, aukera hori Estatua, maiuskulaz, diren nazioentzat gorderik dago hein handi batean, salbuespenak salbuespen.

Beraz, kirolak harreman zuzena dauka egungo gizartearen oinarrizko errealitate batekin: talde-ospea (familiarra, taldekoa, bertakoa, erregionala edota nazionala). Harrigarria bada ere, munduan zehar “ospe nazionala” da arrazoirik nagusiena kirola finantzatzeko, kontuan hartuta ere eliteko kirolak nazio sentimenduak indartzen dituela publikoarengan, herritarrengan.

Horregatik kirola lehentasunezko tokia hartzen ari da gizarte bizitzan. Dena den, politika eta kirolaren arteko harremanaren baitan, badirudi kirolak politikan duen eragina politikak kirolean duena baino askoz txikiagoa dela.

Aldi berean, kirolaren kontrako iritziak ere egon badaude. Kirola ulertzeko modu kontserbadoreak amoraltasuna areagotzea dela uste du eta, bestela, adierazpen politiko oker baten ondorioa dela.

Edonola ere, aurkako ikuspegien artean ezkerreko ideologoenak ere agertzen dira. Intelektualentzat, gehienentzat behinik behin, kirola (bereziki futbola) alienazio tresna bat da Estatuaren eskutik, “futbola herriaren opioa da” eta iritzi hori ez da arrotzegia gurean. Eduardo Galeano idazleak, trufaz, bere garaian honako txantxa/ galdera luzatu zuen: “Zertan diren antzekoak Jaungoikoa eta futbola?” Hauxe erantzuna: “Biek ospea daukate eta intelektualek biak ezeztatzen dituzte”.

Iritziak iritzi, argi dago nazioarteko kirol garaipenek eskuratzen duenarentzat nazioarteko ospea sortzen dutela eta baita kohesioa barrura begira ere. Kirolak, banakakoak ala taldekakoak. Lehendabizikoetan zalantza sortzen da: baliteke nazio zehatz batean jaioterria duenak bestelako naziokoa denaren eskutik prestakuntza eta gaitasuna jasotzea. Edozein modutan ere, azken finean gogoratzen dena da irabazlea nongoa den eta ez aholkuak nondik ailegatu zaizkion.

Zalantza izpirik ez dago garaipena kolektiboa denean, batez ere mundu mailako txapelketetan, eta hori frogatzeko begi-bistan potentzia handiek kirol ekintzetan ere egiten dituzten ahaleginak dominak eskuratze aldera. Ospeak kirolari proiekzio historikoa ematen dio kanpoan eta etxean. Estatutik/naziotik at, ospeaz gainera, errespetua eta indarra irabazten da gainerako nazioen aurrean. Estatu/nazioan bertan ospea da herritarrek duten barne gogobetetasuna eta poza herri horren kideak izateagatik.

Dagoeneko kirolaren garrantzia aipatu dugu. Eta, maila berean, sinboloekin egiten dugu topo.

Testuinguruaren araberakoak dira sinboloak, eta horrek esan nahi du malguak direla, esanahia aldatzen baitu segun eta non kokatzen diren, segun eta noiz erabiltzen diren. Ikurrina batek bulego eta areto batean ez du balkoira edo kalera ateratzen den ikurrinak duen esanahia bera. Ezta hilkutxa estali dezakeen ikurrinarena ere.

Herri identitatearen eraketan, sinboloen ezaugarri garrantzitsuena erabilpen kolektiboan datza. Sinboloen izaera eta esanahia komunean erabakitzen da, kulturala den beste edozein elementu bezala. Nahiz eta norbanakoak esangura berezi bat eman gauza, musika edo momentu bati, ematen diogun esanahiaren iturria kulturala, kolektiboa da.

Hortxe bertan koka daitezke gure kirolariek joan den mendeaz geroztik eta gaur arte eskaini dizkiguten irudiak, ahaztezinak omen eta esanahiez beterik.

Kirola eta ikurrina, nazioa egiteaz gain, memoriarentzat elikagai bihurtu dira ere. Zorionez zerrenda luzea da eta, gainera, kasu batzuetan barne historia eta istorioak elkartzen dira. Horren adibideak dira, besteak beste, euskal selekzioak Euzkadi izenpean munduan zehar egin zuen bidai amaigabea, legalizatu gabe zegoen ikurrinaren agerpena/k edota Everestera eginiko espedizioaren aitzindariak eta ez hain ezagunak. Haiekin batera, halaber, egungo irudiekin ere memoria kolektiboa osa daiteke.

 

Irudiz irudi, Euskal Herria irudikatu

Kronologikoki edo saltoka bada ere, errepasoa egiten saiatuko naiz, beti ere kirolak eta sinboloek (kasu honetan ikurrina) oroitzapenarekin batera osatzen duten triangelua azpimarratuz.

Zentzu honetan hiru lirateke irudirik ikonikoenak, baina ez esklusiboak, lerro hauetan zehar ikusiko den moduan. Guztiek ikurrina protagonistatzat daukate, baina beste batzuk ikurrinik gabe ere aurki daitezke. Azken finean, memoria lantzeko tresnarik eraginkorrena da irudia, gertatu zena gogora ekartzeko eta imajinario kolektiboan finkatzeko.

Gauzak horrela, futboleko euskal selekzioak pasa den mendearen hasieran sustraiak zituen arren[i], gehiago ezagutzen dugun selekzioa Guda Zibila izenekoaren ondorioz sortu zena da. Euzkadi izenpean halabeharrez eta indartsu berragertu zen eta munduan zehar herri txiki baten izena eraman zuen 1937 eta 1939 bitartean. Joxe Anjel Iribarrek eta Inazio Kortabarriak ikurrina zelairatu zuten, Athletic Cluben eta Real Sociedaden gainerako taldekideak ordezkatuz, 1976ko urrian Atotxa futbol zelaian. Ikurrina Everesteko gailurrean 1980an agertu zen lehen aldiz, Martin Zabaleta mendizalearen eskutik. Horrek ere espedizio oso bat ordezkatu zuen, edo berari tokatu zitzaion.

Alabaina, egon badaude beste protagonista batzuk, aitzindariak izan zirenak gure herriko nortasuna eta izaera ikurrinaren bitartez aldarrikatzeko orduan. Laburbilduta (barkatuko didate jaso gabe geratuko direnak) hauek bildu ditut: Juan Maria Feliu nahigabeko protagonista bihurtu zen 1967an, di-da batean espainiar heroia izatetik separatista arriskutsuak izatera (“banderas nacionalistas vascas en lugar de la española”) jakin zenean Andetara abiatu zen euskal espedizioak ikurrina ezarri zuela gailurrean espainiarra jarri beharrean. Hortik sortu zen 1974an Everesterako Tximist espedizioa egiteko ekimena eta, ondoren, sei urte beranduago 1980an arrakastatsu suertatu zena.

Gizonezkoak protagonista nagusi izan dira, gizarte patriarkalaren isla nonbait, baina pilota munduan Bixintxo Bilbaok 2018ko Munduko Txapelketetan ikurrina erakustegatik urtebeteko zigorra jaso baino lehen, gauza bera egin zuen 1990ean Dunixe Larraldek, Kuban jokatu ziren Munduko txapelketetan. Lehendabiziko aldia zen emakumeek parte hartzen zutela eta Frantziako selekzioarekin lehenengo emakume txapelduna izan zen. Bi urteko zigorra jaso zuen eta hortik bueltan arazoak izan zituen lana topatzeko.

Herri Torrontegi moto-gidariak ohorezko bira eman zuen ikurrina eskutan Xerezeko sari nagusia irabazi ostean 1989an… eta horrek ere errepresaliak jaso behar izan zituen.

Arestian aipatu dugun moduan, oihartzun izugarria lortu zuen Atotxako irudiak. Kortabarriak eta Iribarrek 1976ko abenduaren 5ean ikurrina eskutan hartuta, baina hori ez zen izan gure herriko ikurra publikoki kirol ekitaldi ofizial batean agertu zen lehena, 1976ko urriaren 17an Mendizorrotza kiroldegian, Baskonia eta (Askatuak) Dicosen arteko saskibaloi norgehiagokaren atarikoetan talde bietako jokalariek ikurrina harro erakutsi zuten eta. Euskal bandera 1977ko urtarrilaren 19an legalizatu zen.

Txirrindularitzak ere protagonismoa izan du eta egun dauka, baina nabarmentzekoa izan zen oso Euskaltel talde ziklistaren inguruan, sasi guztien gainetik, euskal zaleek 2001etik-2013ra arte, “antolatu” zuten, batik bat Piriniotan, marea laranja non ikurrina nagusitzen zen.

Eta nolabait amaitzeko, errugbian azpimarragarria izan zen 2011ko Munduko Txapelketako finalaren ostean, Frantziak eta Zelanda Berriak jokatu zutena, Fabien Barcella eta Imanol Harinordoquy jokalariek ikurrina atera zutela. Etsenplu gehiago daude, baina gaurkoz espaziorik ez.

Laburbilduz, lan asko dago egiteke; eta bide luze honetan euskal kirolaren memoria lantzea lagungarria izango da zer garen eta, batez ere, nondik gatozen jakiteko.

 


[i] 1915eko urtarrilaren 3an, Bilboko San Mames futbol zelaian eta 6.000 ikusleren aurrean Euskal Herria eta Kataluniaren arteko lehia lehendabizikoa izan zen (6-1, Pichichik 4, Pagazak, Arabolazak /Armetek)