Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Preso sarturiko 9.023 «askatasun ufada»

2021-02-11

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Euskal Memoriak liburu batean bildu ditu 1958 eta 2020 artean Euskal Herriaren «askapen borrokagatik» preso egondakoen izen-abizen, sorterri, espetxeratze urte eta argazkiak. Egileen ustez, espetxeratutakoen kopuruak erakusten du «euskal gizartearen aurka modu orokorrean» ezarri izan dela errepresioa.

«Bihar, hiltzen naizenean, ez ezazue nigatik negarrik egin. Ez naiz sekula lurpean egongo; askatasun haizea naiz». Halaxe idatzi zuen Juan Paredes Manot Txiki etakideak fusilatu bezperatan, argazki baten gibelean, Che Guevararen poema batetik harturiko esaldia. Eta halaxe jarri dio Euskal Memoriak izenburua 1958tik 2020ra bitarte Euskal Herrian «motibazio politikoengatik» preso egondakoen fitxak jasotzen dituen liburuari: Askatasun haizea. Memoriaren aldeko elkarteak urtero argitaratzen du euskal gatazkarekin loturiko liburu bat, gai jakin bat landuta, eta espetxeratutakoen datuak biltzen dituen lan mardula kaleratu du aurten: 1958 eta  2020 artean Euskal Herriaren «askapen borrokagatik» preso egondakoen izen-abizenak, sorterriak eta espetxeratze urteak ageri dira liburuan, eta, 5.000 lagunen kasuetan baino gehiagotan, baita argazkiak ere.

Horretarako, preso egondako pertsona bakoitzeko fitxa bat sortu dute, eta 700 orritik goitiko liburu batean jarri dituzte guziak, ordena alfabetikoan. 9.023 dira denera bildu dituzten espetxeratuen fitxak; edo, Eugenio Etxebeste Arizkuren Antton-en hitzetan, 9.023 «askatasun ufada». Etxebesteren arabera, liburuan agertzen den pertsona bakoitza «askatasun haize horren zati bat» baita, «ezein izanik ere parte hartu zuen mugimendu politikoa». Euskal Herriaren alde «modu zehatz batean konprometitu den jendea» da liburu horretakoa, haren hitzetan, eta horregatik «ondorio gisa espetxea » jasan duena.

Etxebestez gain, Joxerra Bustillo Kastrexanak eta Iñaki Egaña Sevillak hartu dute datuak kontrastatu eta liburua osatzeko lana, baina argi utzi dute «auzolan erraldoi bat» izan dela egindakoa. Euskal Memoriaren beraren datu basea izan da erabili duten euskarri nagusia, atxiloketen datuak lehendik bilduak baitituzte. Ohartarazi dute, ordea, liburuan ez direla agertzen atxiloturiko pertsona guztiak: «Horiek askoz gehiago dira, dozenaka milaka», zehaztu du Etxebestek. Atxiloketaren «ondorio» gisa espetxeratuak izan direnak soilik sartu dituzte liburuan. «Kalkulatzen dugu atxilotutakoak 40.000 eta 45.000 artean izan daitezkeela», argitu du Egañak.

Datu basea ez ezik, lagundu dieten «sareen» informazioa ere izan dute euskarri: bertzeak bertze, memoria historikoarekin loturiko sareek, preso ohiek eta torturaren gaia landu zutenean sorturiko taldeek lagundu diete informazioa biltzen. Egañak zehaztu duenez, kontraste lana egin behar izan dute gero: «Herri batetik informazioa, eta, are, argazkiak iristen bazaizkizu ere, gero informazio hori guztia konprobatu egin behar da, banan-banan. Ez du esan nahi jendeaz fidatzen ez garenik, baizik eta ahalik eta metodologia zientifikoena erabili nahi izan dugula». Egañak azaldu du, erraterako, 1960ko hamarkadako egunkari batzuetan «gezurrak» ere aurkitu izan dituztela, eta guztia aletzen aritu behar izan dutela: «Txinaurri lana izan da, erabatekoa. Banan bana egiaztatu ditugu izenak». Baieztatu gabeko izen batzuk ere badituzte, baina horiek ez dituzte liburuan sartu, hain justu egiaztatu ezinarengatik.

Argazkiak biltzeak eman die lan handiena, nolanahi ere, eta horretan lagundu die jendeak, batik bat: «Oso harro egon beharko litzateke herri batzuetako jendea, haien kabuz lortu baitituzte herriko argazki guztiak». Kasu batzuetan, adibidez, 50 argazki lortu dituzte herri bakarrean. Denak ez dituzte eskuratu, ordea, eta eskas direnen kasuetan itzal beltzak ageri dira —falta zaizkien gehienak 1960ko hamarkadakoak dira—.

Lana ez dago itxia, ordea, eta hemendik aitzinera ere segitu nahiko lukete osatzen: Euskal Memoriaren webgunean jarriko dituzte liburuko datu guztiak laster, eta hor segituko dute lanarekin. Bertzeak bertze, orain arte egiaztatu gabeko izenak sartuko dituzte, egin dituzten akats «ñimiñoak» zuzenduko dituzte, eta, lortzen badituzte, irudia falta zaien fitxei argazkiak gehituko dizkiete. 

Errepresiozko «pandemia»

Preso egondakoen datu eta argazkiak biltzeaz gain, datu orokorren azterketa bat ere egin dute liburuaren azken orrietan: lurraldeka, eskualdeka eta herriz herri erakutsi dituzte espetxeratuen kopuru eta sexuak, baita herri bakoitzean 1.000 biztanleko espetxeratutakoen kopuruak ere. Etxebesteren ustez, «errepresiozko pandemia» ikusarazten dute 1.000 biztanleko datu horiek, eta gaur egun koronabirusaren datuak emateko Hego Euskal Herrian erabiltzen den semaforoaren irudiarekin aldera daitezke. «Pandemia errepresiboa izan den hau irudi batera eraman dugu, gaur egun semaforoena dena, erakusteko zenbat semaforo egongo liratekeen gaur egun gorri, zenbat berde, zenbat hori, laranja, urdin...», azaldu du Etxebestek. Espetxeratuak eta kutsatutakoak parekatuta, alegia.

Konparazio horretan oinarriturik, gorri leudeke 1.000 biztanleko bortz espetxeratu baino gehiago izan dituzten herriak, laranja hiru eta bortz espetxeratu artean izan dituztenak, hori 0,6 eta hiru artean ukan dituztenak, berde 0,6 artekoak, eta urdin, azkenik, espetxeraturik batere izan ez dutenak —BERRIAk osatu duen mapan urdin tonalitate ezberdinetan ageri dira kolore horiei dagozkienak—.

«Semaforo» horretan kokatuta, herri batzuetako datuak adierazgarriak dira: Gipuzkoan, erraterako, 42 herri daude 1.000 biztanleko bortz espetxeratu baino gehiago izan dituztenak. Herri anitz ttipiak dira, baina espetxeratu kopuru handiak dituzte batzuek, halere. Horietako bat da Ataun: 1.000 biztanleko 23,5 espetxeraturen proportzioa dauka. Izan ere, 1.745 biztanle soilik izanagatik, 41 preso izan ditu urteotan guztiotan. Bizkaian, Ondarroa da espetxeratu gehien izan dituena: 184 preso, 8.590 biztanle izanda —1.000 biztanleko 21,42 espetxeratu—. Nafarroan, Etxarri-Aranatz: 2.483 biztanle izanik, 43 herritar izan ditu kartzelan.

Datu orokorragoak hartuta ere, badira emaitza interesgarriak. Adibidez: 138 herri daude ez dutenak sekula preso «politikorik» izan. «Baina herri txikiak dira gehienak, 130.906 biztanle baino ordezkatzen ez dituztenak», zehaztu du Etxebestek.

__________________________________________

Berria egunkariaren hartuta. Hau da esteka zuzena: 

https://www.berria.eus/paperekoa/1932/002/001/2021-02-05/preso-sarturiko-9023-askatasun-ufada.htm 

Argazkia: Jon Urbe/FOKU