Izenak
Atal honetan agertzen diren datu baseak Euskal Memoriaren jardunaren emaitza dira. Euskal herritarrek XX. mendean ez ezik, XXI. mendean ere jasan duten errepresioaren ondorioen bilduma eta isla dira aldi berean.
Josefa, Julia, Elena, Soledad, Emilia, Benigna, Antonia, Francisca, Rita...
Constantino, Esteban, Rufino, Bonifacio, Benito, Agustin, Eloy, Zacarias...
Edota Rosa, Ibai, Sara, Natividad, Justo, Arantxa, Jon, Josu, Blanca, Mikel...
Milaka izen, milaka emakume eta gizon.
Eta leku. Santoña, Santurtzi, Araia, Sartaguda, Galdakao, Zestoa, Burgi, Casasimarro, Elgeta, Bilbo, Tafalla, Miranda de Ebro, Ledesma, Saturraran, Alaejos, Ablitas, Argentina, Larraga, Irun, Dachau, Barcenilla de Piélagos, Ezkaba… Sorterri edo bizileku, espetxe edo erbeste, kontzentrazio edo sarraski eremu, milaka leku.
Eta beste horrenbeste bizipen, zigor, malko. Eta gaixotasun, sufrimendu. Eta heriotza. Horietako asko ezagun, beste asko, ordea, ezezagun. Inoiz aitortuak...
Datuok biltzeko, askotariko hemeroteka zein iturri dokumental baliatzeaz gain, herriz herriko ekarpenak ezinbesteko osagai izan ditugu. Eta izan behar ditugu aurrerantzean ere. Ez baitira lan amaituak. Istorioak konta diezazkiguketenekin, irudiak, esku-izkribuak, oroigarriak gordeta eduki ditzaketenekin, testigantza bat –edo asko- partekatzeko prest egon daitezkeenekin jarri, egon nahi dugu harremanetan. Horiek guztiak biltzeko, erakusteko, kontatzeko. Aitortzeko.
Eta bilduta dauden horiek zuzentzeko, osatzeko. EKARPENAK tresna erabil daiteke horretarako.
BILATU tresnaren bidez, berriz, datu baseetan pertsonen bilaketa egin daiteke, izenak edota abizenak sartuz. Iragazkiak aplikatzeko menua ere topa daiteke.
Memoria egiteko. Memoria izateko. Memoriarik gabeko herririk ez dagoelako. Memoriaren bitartez etorkizuna marrazten, eraikitzen dugulako. Memoriaren bitartez etorkizuna marraztu, eraiki nahi dugulako.